Ohitura osasungarriak itzuli dira egunotan

Mirian Biteri 2010ko ira. 16a, 14:01
Aurten ere, iaz bezala, Eskoriatzak bat egin du Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astearekin, eta, hori dela-eta, hainbat ekintza antolatu ditu datozen egunotarako. Bihar, patinaje zirkuitua egingo dute; domekan, urteroko bizikleta martxa; eta eguaztenean, umeak oinez joan daitezen, ‘Goazen oinez ikastetxera!’ ekimena.

Esan bezala, bihar, egubakoitza, patinaje zirkuitua egingo dute Luis Ezeiza ikastetxeko kantxan, 17:00etan. Saioa Altzua teknikariak azaldu digu ludotekak zirkuitu bat gertatuko duela han, motorrik gabeko ibilgailuak erabiliz, tarte dibertigarria pasatzeko. 

Asteburuan beste ekimen bat ere izango da. Domekan herritarren artean oso harrera ona duen bizikleta martxa egingo dute Eskoriatza eta Arrasate artean. 10:00etarako jarri dute hitzordua, plazan. Handik Aretxabaletarantz abiatuko dira eta 10:20ean aretxabaletarrekin elkartuko dira Iturrigorri frontoian; 11:00etan, ostera, arrasatearrekin batuko dira Seber Altube plazan. Eskoriatzara bueltan, hamarretakoa egongo da plazan.

'Goazen oinez ikastetxera!'

Bestalde, eguaztenean, joan den urtean abian jarritako ekimena egingo dute: Goazen oinez ikastetxera!. Nor bere autoan joan beharrean, haurrak ikastetxera oinez joan daitezela lortu nahi dute horren bidez. Horretarako, bi ibilbide prestatu dituzte: bata Intxaurtxuetatik, eta bestea, Aranburuzabalatik. Petoarekin jantzita joango diren arduradunek hainbat tokitan jasoko dituzte umeak, eta euren ikastetxean utzi.

Horretaz aparte, Arizmendiko Almen gunean ikasten dutenak bizikletaz joan ahal izango dira batera. Herriko plazan egin dute hitzordua, 08:30ean. Eguerdian etxera itzuliko dira, eta bazkaldu ostean, ikastolara itzuliko dira ostera ere bizikletan.

Mugikortasunaren Astearen harira, laugarren ekimen bat ere antolatu dute: Erreka Eguna. Hilaren 25ean izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak