Nagusiendako ariketa parkea ipiniko dute aurten Dorletan

Leire Kortabarria 2010ko ots. 25a, 17:55

Debagoieneko hirugarren osasun parkea (batez ere, nagusiek ariketa egiteko hainbat aparatu dituen gunea) Eskoriatzan egingo dute, aurten, Udalak eta Foru Aldundiak egin duten hitzarmen baten bidez. Hitzarmena eguazteneko osoko bilkuran onartu zuen Udalak.

Proiektua oraingo agintaldian aurkeztu zuen Udalak Foru Aldundian, 2008-2011 aldiko Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planaren bidetik dirulaguntza jasotzeko aukera zegoelako. Orain bi urte aurkeztu zuen; hortaz, ez da oraingo asmoa. Azkenean, onartu da eta Foru Aldundiak ordainduko du erdia: 10.500 euroko dirulaguntza emango du, 22.000 euroko aurrekontua duen proiektuarendako.

Asmoa berria ez denez, Udalak aurreko lanak eginda zituen, eta hiru tresna erosita dauzka: goiko gorputz-adarrak lantzeko ariketa-tren bat, panel batekin eta bolante antzeko batekin (sorbaldak, atzamarrak, eskuak… bakarka edo batera landu daitezke); pedal batzuk, bankuan jesarrita bizikleta-ariketak egiteko; eta Bohler taula delako bat, oinaren eta orkatilaren zirkulaziorako, errehabilitaziorako edo mantenurako ariketak egiteko. Azalpenak ematen dituen panela ere erosi du Udalak. Horiez gain, beste tresna batzuk eskatzeko asmoa du. Berez kirol azpiegitura den arren, tresna horiek Udal Gizarte Zerbitzuek erosi dituzte.

Osasun parkeak ze hedadura hartuko duen oraindik ez dute erabaki arduradunek, baina bai non egongo den: Dorleta auzoan egin den bidegorri berrian ipiniko dute, aparkalekuaren ondoan. Alkateak dioenez, "leku aproposa da hori, jende asko ibiltzen delako". Era berean, esan du "berez, nagusiei zuzenduta" dagoela parke hori, baina "erabilera librea" izango dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak