Mustag-Ata mendira egindako espedizioaren gaineko irudiak ikusgai Inkernun

Mirian Biteri 2009ko urt. 22a, 18:31
Mendia gustuko dutenek Inkernu tabernatik pasa behar dute datozen egunotan. Otsailaren 16ra arte, Jabier Polvorinos eskoriatzarrak joan den urtean Mustag-Ata mendira egindako espedizioaren gaineko argazkiak ikus daitezke han.

Aitzorrotz kultura elkartearen laguntzarekin, bidaian zehar ateratako 140 bat argazki daude ikusgai; gehienak, 7.546 metroko altuera duen Mustag-Ataren paisaia elurtuenak.
Polvorinosek berak azaldu digunez, joan den urteko uztailaren 26an abiatu zen Txinarantz.

Egunak eman zituen Mustag-Atako kanpamentu nagusira iristeko: "Haraino joateko ez dago hegaldi zuzenik, eta, beraz, hainbat hegazkin eta autobus hartu behar izan nituen". Andoaingo bi mendizale, Iruñeko bat, Kataluniako bat eta Laudioko gidaria ere izan ziren espedizioan.

Gogorarazi du abuztuaren 10era arte eguraldia lagun izan zuela. "Lehenengo egunetan lehen eta bigarren kanpamentuetan egon ginen eta ondoren, kanpamentu nagusira jaitsi ginen berriro. Abuztuaren 10ean igotzeari ekin genion, baina elur asko bota zuen eta arazoak eduki genituen hirugarren kanpamenturaino iristeko".

Ezin tontorreraino iritsi

Abuztuaren 15ean tontorrera igotzeko asmoa zuten, baina eguraldiak ez zuen batere lagundu: "Material egokia zuten hiruk saiakera egin zuten eta 7.300 metrora zeudenean buelta eman zuten".

Itzuleran inguruneko herriak bisitatzeko aprobetxatu zuen, eta hango bizimoduaren irudiak ere Inkernun ikus daitezke. Abuztuaren 23an itzuli zen etxera.

Eskoriatzako mendizalearendako ez da lehenengo espedizioa. 2005ean Aconcaguan izan zen; Alpeetara eta Pirinioetara ere askotan joaten da. Hurrengo irteera oraindik zehazteke du; bitartean, Mustag-Atako irudiak denon eskura daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak