Mikeldiren aurka galdu ondoren, sailkapenean azkena dago MU

Mirian Biteri 2009ko urt. 25a, 21:57
Mondragon Unibertsitateko (MU) mutilek ezin izan dute bigarren garaipen jarraian lortu. Javi Zurbanoren mutilek Centro de Estudios Mikeldi taldearen kontra 84-78 galdu zuten Bilbon eta ondorioz, sailkapenean azkenak daude orain, 16 punturekin. Zapatuko partiduaren aurretik Mikeldik zuen tokian daude, hain zuzen ere, arrasatearrak. Puntutan berdinduta daude bi taldeak.

Gorka Kintana jokalariak azaldu digunez, indartsu irten ziren kantxara eta lehen bi laurdenetan ondo jokatu zuten. Arrasatearrak aurretik iritsi ziren deskantsura. Kantxara bueltatzean, baina, indar hori desagertu zen jokalarien artean: "Nahiko ahul jokatu genuen. Markagailuari buelta eman zioten eta gu ez ginen kapazak izan hori aldatzeko". Esan bezala, 84-78 gailendu ziren bilbotarrak.

Partiduaren garrantzia

Kintanak zapatuko partiduak zuen garrantzia azpimarratu du: "Beraiek, zapatuan, sailkapenean azkenak zeuden eta gu azken aurrekoak. Partidu garrantzitsua zen horregatik. Irabaziz gero, beraiek urrun geratzen zirelako. Baina azkenean ezinezkoa izan zen aurre hartzea". 

MUko jokalariaren esanetan, Mikeldirekin jokatutako beste partiduan defentsan oso talde "biguna" zelaren inpresioa hartu zuten: "Irabazteko erraza zela iruditu zitzaigun, horretan galdu bagenuen ere. Zapatuan mentalizatuta geunden irabazteko moduko partidua izango zela baina, guk txarto jokatu genuen eta bilbotarrek, gainera, aurreko partidu horretan baino hobeto jokatu zutela iruditu zitzaigun. Atsekabetuta bueltatu ginen".

Lehen fasea amaitzeko lau partidu geratzen dira. Javier Zurbanoren mutikoen asmoa da bigarren fasera hiru garaipenarenarekin iristea.

Domekan, Zornotza aurrean

Asteon Zornotza izango dute aurrez aurre etxean, Iturripen. Domekan jokatu da partidu hori, 18:00etan. Bizkaitarrak bigarren doaz sailkapenean, 24 punturekin. Kintanak partidu gogorra izango dela onartu du eta espero du norgehiagoka hori arrasatearrek euren jokoa hobetzeko balio dezala. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak