Martxa onean doaz Aingeru Guarda-Sorautz tarteko bidegorriaren lanak

Mirian Biteri 2008ko ira. 11a, 19:12
Aingeru Guarda eta Sorautz arteko bidegorriaren lanak aurrera doaz. Orain arte aparteko ezustekorik ez dela izan eta, aurreikusi bezala, urtarrilaren amaieran edo otsailaren hasieran amaituta egotea espero du Diputazioak.

Bidegorria egiteko lanak maiatzean hasi ziren. Jakina denez, 950 metroko luzera duen tarte horrek Aingeru Guarda ermita eta Sorautz izenez ezagutzen den eremua lotuko ditu. Hegoaldeko tartea GI-627 errepide ondotik joango da. Dagoeneko hasi dira eremu hori egokitzen, hormak jarriz. Esan beharra dago, horren harira, Dorleta auzora iritsi arte errepidearen altuera berean joango dela bidegorria.

Zaratak ekiditeko pantailak

Diputazioan lan horiek jarraitzen dituen Beatriz Martikorenak azaldu duenez, tarte horretan zaratak ekiditeko pantailak jarriko dira: "Bereziki etxeak dauden tokietan jarriko ditugu".
Hango aparkalekua zeharkatu ostean, beherantz egingo du eta San Juan kalea tunel baten bidez zeharkatuko du bidegorriak. Martikorenak esan du Udalarekin akordioa lortu dutela, tarte hori Udalak berak egin dezan. Baina Diputazioa izango da hori ordaintzen duena: 165.000 euro inguru. Tuneletik Sorautz etxeraino iritsiko da. Obra horien aurrekontua 1.742.510 euro da, tunelaren 165.000 euroak kontuan izan barik.

Bestalde, Martikorenak azaldu du dagoeneko lanean dihardutela kanposantu azpitik herriaren iparra eta hegoaldea lotzeko: "Proiektua laster egiteko eta ateratzeko asmoa dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak