Markesina berriak jarriko dituzte Aranburuzabalan

Iker Barandiaran 2007ko aza. 22a, 14:11
Egurrezko bi markesina berri jarriko dituzte; eskatuta daude eta Gabonak aurretik ipini gura dituzte.

Astelehenean aukeratu zituen Udaleko Hirigintza batzordeak Aranburuzabala kalean jarri beharreko markesinak. Egurrezkoak jartzea erabaki dute. Markesina mota aukeratu aurretik, baina hainbat pauso eman dituzte. Hain zuzen ere, orain dela hilabete gutxi Udalak erabaki zuen Aranburuzabala kaleko autobus geltokiko markesina bat egoera txarrean zegoela. Hala, markesinen gaineko dirulaguntzak aztertzen hasi ziren; eta bide batez, zer markesina jarri erabakitzeko prozedura zabaldu zuten.

Gai horri hainbat buelta eman dizkiote, baina azkenean erabaki dute egurrezko markesinak erosi eta jartzea. "Prezio merkeagoa dute, eta ekologikoagoak dira, birziklatzeko erraztasun handiagoak ematen dituzte-eta; horiek biak kontuan hartzeko bi arrazoi garrantzitsu dira. Horregatik aukeratu dugu eredu hori", azaldu zigun Udaleko Obra eta Zerbitzuetako batzordeko arduradun Dorleta Lezetak. Aukeraketa egin aurretik, baina, Udaleko Obra eta Zerbitzuetako arduradunak konturatu ziren Santa Ana auzoaren parean dagoen autobus geltokiko markesina ere zaharkitua eta erdi apurtua dagoela.
"Aranburuzabalakoak premia handiena duen arren, konturatu ginen Santa Anakoa ere aldatzea aproposa zela. Baina, ez genuen markesinatan diru askorik gastatu gura, beste premia asko ditugulako".

Hortaz, Santa Anako bi autobus geltokietako markesinak desberdinak izan ez daitezen, Aranburuzabalako bat, ondo dagoena, hara eramango dute. Eta egurrezko bi markesina berriak Aranburuzabala kalean jarriko dituzte.

Markesina berriendako eredu
Udaleko ordezkariek jakinarazi digute euren asmoa dela zahartzen doazen heinean herriko gainontzeko autobus geltokietako markesinak ere aldatzea; eta egurrezko berriekin ordezkatzea.
Lehenik eta behin, Aranburuzabalako markesinak Gabonak aurretik jarri gura dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak