Luis Ezeizaren jaialdia herrira zabaldu gura dute aurten

Mirian Biteri 2009ko ekainaren 11

Zapatuan, Luis Ezeiza herri eskolak urteroko jaialdia antolatu du. Ekintzak 10:00etan hasiko dira; hasierako ekitaldia eskolako patioan izango den arren, jarraian egingo den jaialdia herriko plazara eramango dute.

Antolatzaileek jakinarazi dute modu horretan jaia "herriari" eta, hortaz, "eskoriatzar guztiei" zabaldu gura dietela. Goiz osoan zehar, beste askoren artean, etxeko txikienendako tailerrak, jolasak, antzerkia, ping-pong txapelketa eta arku-tiroketa egongo dira plazan.

Bazkaria eta aparraren festa

Eguerdian eskolako patiora itzuliko da jaialdia. 14:00 aldera, herri bazkaria egongo da han. Guztira, 110 lagun inguru elkartuko dira aurten. Bazkaldu ostean, berriz, aparraren festarekin ederto pasatzeko aukera izango dute umeek. Horren harira, antolatzaileek gomendatu dute bainujantzia eta txankletak eroatea. Ekimen hori 16:00etan hasiko dela aurreikusi dute.

Luis Ezeizaren jaialdia ez da horrekin amaituko. Ordubete geroago, 17:00etan, dantzaldia egongo da. Bakoitzak dantza egiterakoan duen trebetasuna erakutsiko du orduan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak