300 lagun inguru hurbildu dira egunotan François Dione artista senegaldarrak Eskoriatzan zabalik duen erakusketara. Azken bisitarien artean, Luis Ezeiza ikastetxeko lehen hezkuntzako eskola-umeak egon dira. "Hemen ere badago zer hobetu", adierazi du Dionek, "baina jakin behar dute munduko beste leku batzuetan neska-mutikoak ez direla eurak hemen bizi duten berdintasun egoeran bizi".
Hogei lan ikusgai
Pintura eta eskultura egiten ditu afrikarrak. Eskola umeak ikusi dituztenen artean besorik gabe irudikatutako emakumeak, senarrarendako dantzan egitera behartuak daudenak… Euren hizkuntzan gaiari buruz duten iritzia eman diote umeek senegaldarrari eta artistak bere lanen bitartez zabaldu nahi duen mezua helarazi die.
Birziklatutako materiala erabiltzen du artista afrikarrak bere lanak egiteko eta materialen berrerabilera ere gomendatu die umeei. Mundumira jaialdia tarteko izan da gurean. Ekimen oso interesgarria iruditu zaio. Kulturen arteko topaketa gauzatzeko iniziatiba polita. "Benetan uste dut horrelako gehiago egin beharko liratekeela. Horrelakoetan jendeak aukera dauka ezagutzeko beste kultura batzuetan nola bizi diren, zer egiten duten, zein musika egiten duten edo zer jaten duten".