Liburutegirako orri-puntua lortzeko lehiaketa

Iker Barandiaran 2008ko azaroaren 20a

Eskoriatzako Udal Bibliotekak, inguruko beste hainbat liburutegik moduan, urtero orri-puntuak egiten ditu, erabiltzaileen artean banatzeko. Joan den urtean, lehenengo aldiz, orri-puntuak aukeratzeko lehiaketa egin zuten, eta ekimenak oso harrera ona izan zuen.

Joan den urtean 45 bat lan jaso zituzten, ibarrekoak eta baita kanpokoak ere. Aukeratutako irudia Iñigo Urrutia eskoriatzarrak egin zuen, eta irudi horrekin 1.000 orri-puntu egin zituzten banatzeko. Hala, Udalak eta Bibliotekako arduradunek ekimena errepikatzea erabaki dute. Edozeinek esku hartu ahal izango du, berdin da eskoriatzarra den ala  ez; eta teknika eta gaia libreak izango dira. Hori bai, lanaren neurria 21 x 5,50 zentimetrokoa izan beharko da.

Irabazlearendako 300 euro

Orri-puntuak egilearen izen barik aurkeztu beharko dira, atzeko aldean lelo bat dutela; horrekin batera, gutunazal itxi batean lelo bera eta egilearen datuak jarri beharko dira.

Irabazleak 300 euro jasoko ditu, eta lanak aurkezteko azkeneko eguna abenduaren 15a izango da.
Hortaz, 2009ko orri-puntuek irudi berria izango dute alde batean; eta bibliotekaren egutegia eta harremanetan jartzeko telefonoa eta e-posta helbidea bestean. 1.200 ale kaleratzeko asmoa daukate.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak