Liburuak trukatzeko azoka eta antzezlan bat egingo dituzte zapatuan

Liburuaren Egunaren gaineko ekitaldien barruan, liburuak trukatzeko azoka egingo dute zapatuan; horrez gain, Karrakela antzezlana ere egingo dute.

Eskoriatzako Udaleko Kultura eta Euskara zerbitzuek eta Udal Bibliotekak liburu azoka antolatu dute etzirako, zapatua. Liburu azoka herriko plazan egingo dute 18:00etatik 20:30era bitartean, eta bertan liburuak trukatuko dituzte. Hain zuzen ere, azken asteotan gura izan duten herritar guztiek etxean zituzten liburu zaharrak eraman dituzte. Baldintza bakarra zen liburuak egoera onean egotea eta ikas-liburuak ez izatea. Hala, Bibliotekara eramandako liburu bakoitzaren truke herritarrei azokan bi liburu eskuratzeko txartela eman diete. 

Bibliotekako liburuak
Herritarrek eramandako liburuei Udal Bibliotekatik kenduko dituzten beste hainbat ale batuko dizkiete. Hain zuzen ere, Bibliotekak urtero baliatzen du liburu azoka liburu zaharretako batzuk kentzeko.
Aurreko bi urtetan Kataia eten barik ekimena antolatu zuten Liburuaren Egunaren harira. Irakurtzeko zaletasuna kultura transmisioarekin lotu zuten antolatzaileek.
Aurten, berriz, liburu azokaz gain, txotxongilo eta antzerki ikuskizuna egingo dute. Zapatuan egingo dute ikuskizun hori. 18:30ean izango da herriko plazan; eta eguraldi txarra egingo balu, Huheziko areto nagusian egingo lukete.

 
'Karrakela' ikuskizuna
Kilima antzerki taldearen Karrakela ikuskizunak aktoreen lana eta txotxongiloak batzen ditu. Horrez gain, musika, abestiak, ikusleekin egiten dituzten jokoak eta efektu bereziak ere erabiliko dituzte ikuskizunean. Karrakela ipuinak itsasontzi txiki baten abentura kontatzen du, eta egileen esanetan istorio hori egiazkoa da. Aktoreak Clara G. Arana, Inaxio Tolosa eta Ainhoa Alberdi izango dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.