Leintz Ibarraundi fundazioaren "garapena gelditzea" erabaki dute

Iker Barandiaran 2008ko ots. 7a, 17:42
Eusko Ikaskuntzak fundazioaren gainean hausnarketa sakonagoa egin gura du.

Eusko Ikaskuntzak eskatu du Leintz Ibarraundi Fundazioaren proiektuaren garapena, oraingoz, gelditzeko. Hala jakinarazi zuen Pedro Lasagabaster alkateak osoko bilkuran. Fundazioaren proiektua aspalditik dator, iaztik, hain zuzen ere. Aurreko agintaldian abiarazi zuen egitasmoa Udalak, eta ibarreko udalekin eta Eusko Ikaskuntzarekin harremanetan jarri zen ekimena elkarrekin egiteko.

Beatriz akizu koordinatzailea
Eusko Ikaskuntzak hasieratik begi onez ikusi zuen asmoa, eta baliabideak eta babesa eskaini zituen. Are gehiago, Beatriz Akizu antropologoa eskaini zuten proiektua koordinatzeko.
Fundazioaren Leintz ibarreko kultura eta ondarea kudeatzeko sortu zen. Gainera, fundazio hori Udaletik independentea da: Udalak eta Eusko Ikaskuntzak ordezkariak izango zituztela erabaki zen; baita herriko elkarte, erakunde eta herritarrek ere. Bultzatzaileen esanetan, kultura ekintzak, ondarea osotasunean eta udalerriak dituen inguru naturalak baliatuko zituzten Eskoriatzara eta, oro har, ibarrera turismoa eta bestelako bisitariak erakartzeko.

Iaz, maiatzaren 18an, Eskoriatzako Udalbatzak Leintz Ibarraundi fundazioa eratzea eta estatutuak onartzea erabaki zuen ohiko osoko bilkuran. Orduan udal ordezkariek berretsi zuten helburua zela Eskoriatzako eta oro har Leintz ibarreko ondarea kontserbatu, ikertu eta ezagutzera ematea.

Logotipo lehiaketa
Sasoi hartan fundazioaren logotipoa aukeratzeko lehiaketa ere antolatu zuten. Hasi ziren logotipoak jasotzen, baina bi bultzatzaileek proiektuaren gainean hausnarketa sakona egitea pentsatu zuten.

Udalbatza berria
Hain zuzen ere, ekaineko udal hauteskundeetan udalbatza aldatu egin zuten, eta udalbatza berria Eusko Ikaskuntzarekin batzartu zen fundazioaren asmo eta egitura hobeto aztertzeko. Finantzazioaren eta funtzionamenduaren gainean zalantzak agertu zituzten, eta proiektua atzeratu egin zen.

Udalak eta Eusko Ikaskuntzak elkarri hainbat proposamen egin zizkioten. Eusko Ikaskuntzak eskatu zuen fundazioak Beatriz Akizu kontratatzea; eta Udalaren eskaerak izan ziren Isabel Aramendia kontratatzea katalogazioak egiten jarraitzeko, eta fundazioan herritarren iritzia integratzeko batzorde irekia sortzea.

Udalarekin lankidetza
Eusko Ikaskuntzak erabaki du proiektuaren garapena, momentuz, gelditzea, baina, bestalde, Udalari jakinarazi dio, hainbat ekimen egiteko, lankidetzari eutsi gura diola. Horrez gain, Eusko Ikaskuntzak Beatriz Akizu kontratatu du. Udalak, berriz, Isabel Aramendia sei hilabeterako kontratatu du.
      
Pedro Lasagabaster alkatearen esanetan, Eusko Ikaskuntzako ordezkariekin elkarrizketak egiten jarraituko dute; eta alkateak garrantzitsua deritzo erakunde horrek Udalarekin hartu-emanak izaten jarraitzeko asmoa berretsi izanari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak