Leiho eta balkoi apainduak saritzeko lehiaketa antolatu dute

Iker Barandiaran 2008ko mai. 15a, 14:52
Ekainaren 2a aurretik eman beharko dute izena udaletxean edo telefono bidez; eta hiru sari banatuko dituzte, lehena 250 eurokoa.

Udaleko Kultura batzordearen asmoa da Eskoriatzako leihoak eta balkoiak loreekin apaintzeko herritarrak animatzea. Hala,  Udalak herria edertzea gura du, eta bide batez udaberri-uda garaian herriko kale eta fatxadetan loreak eta landareak protagonista handiak izatea.
kaletik ikusteko modukoa
Helburu hori betetzeko asmoz, Udaleko Kultura batzordeak Leiho eta Balkoietako Loreen I. Lehiaketa antolatu du aurten lehenengo aldiz.
Gura duten herritar guztiek esku hartu ahal izango dute lehiaketa horretan. Izan ere, baldintza bakarra izango da Eskoriatzako herrigunean dauden etxeetako leiho eta balkoiak lorez edo landarez apaintzea. Horrez gain, baina, apaindutako leiho edo balkoia kaletik begiratuta ikusteko moduan egon beharko da halabeharrez.

Irizpide estetikoak
Leiho eta balkoien gaineko balorazioa egiterakoan irizpide estetikoak bakarrik hartuko dituzte kontuan. Hain zuzen ere, honako hauek: batetik, lore-konposizioaren bolumen eta kolore konbinazioa; eta bestetik, leiho edo balkoiaren kokapenaren arabera egindako egokitzapena.

Hiru sari emango dituzte
Lehiaketan esku hartu gura dutenek ekainaren 2a baino lehen eman beharko dute izena udaletxean edo 943 71 46 88 telefono zenbakira deituta. Izena ematerakoan, parte hartzailearen izen-abizenak, helbidea eta harrema- netarako telefono zenbakia eman beharko dituzte.
Hiru sari banatuko dituzte: 250 euro lehenengoari; 150 euro bigarrenari; eta 80 euro hirugarrenari.
Epaimahaia kultura batzordekideek eta lorezaintzan adituek osatuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak