Lauko finala jokatzeko aukera gertuago dago

Jasone Zabala 2009ko otsailaren 1a

Garaipen oso garrantzitsua lortu zuten zapatuan Fernando Rasoren neskek Beasaineko taldearen aurka eta 19 puntuko diferentziarekin amaitu zen partidua (42-23).

Sailkapenean bi taldeen artean dagoen aldea hasierako minututik agerian gelditu zen Intxaurtxuetan atzo. Etxekoak ohikoa den bezala intentsitatea jarri nahi zioten partiduari hasieratik eta halaxe izan zen; errebotean ere beraien nagusitasuna erakutsi zuten, baina saskiari begira ez ziren oso fin ibili lehen laurdenean eta 10 puntu baino ez zituzten sartu eskoriatzarrek. Rasok hainbat aldaketa egin zituen freskotasuna eman nahian taldeari. Horrela, bigarren laurdenean defentsa sendotu egin zuten etxekoek eta indibiduala eta zonakako 1-3-1 defentsa erabili zituen beasaindarrei erasoko jokoa zailtzeko, eta Eskoriatzakoek kanpotik jaurti zezaten. Horrela etxekoek lehen laurdenean lortutako puntu kopuru berdina lortu zuten bigarren laurdenean ere. Atsedenaldira 22-7 emaitzarekin heldu ziren.
Erreakzio txikia
Bigarren zatian, Beasaineko taldea intentsitate handiagoarekin atera zen jokatzera eta arazoak sortu zizkion erasoko jokoan etxeko taldeari; 2-3 zonakako defentsan jarri ziren eta Eskoriatzako taldeak ezin zuen barruko jokoa eroso egin, eta kanpotik botatzera behartuta zeuden askotan; kanpotarrek, erasoan, pixka bat gehiago asmatu zuten. Horrela, hirugarren laurdeneko partziala estuagoa izan zen (15-10).

Oso puntu gutxi

Hori ikusita, Rasoren nesken azken laurdenean defentsako lana gogortu egin zuten eta erasoan urduritasuna ere agertu zen, bai saskiratzerako orduan eta baita defendatzeko.
Markagailuko abantailarekin jokatu zuten etxekoek eta nahiz eta erreboteetan nagusi izan ziren asko kostatu zitzaien puntuak sartzea azken laurden honetan bi taldeei. Azken laurdena izan zen puntu gutxien lortu ziren laurdena (5-6); gainera laurden hori izan zen gainera, nahiz eta puntu bakar bategatik izan, beasaindarrak irabazi zuten laurden bakarra. Azkenean, etxean gelditu zen beste garaipen bat, talde guztiak egindako lan onari esker.

Bi jardunaldi falta

Txapelketako lehen fasea amaitzeko bi jardunaldi baino ez dira gelditzen eta Eskoriatzarrak bigarren doaz sailkapenean. Datorren astea, azken aurreko tokian dagoen Ordiziari egin beharko diote bisita.
Azken jardunaldia lehen tokian doan Añorga talde sendoaren aurka– oraindik ez dute partidurik galdu– jokatu beharko dute; ordurako lauko finalerako sailkapena lortuta izatea da asmoa– lauko finalean lehen fasea lehen lauren artean amaitu dutenen artean jokatuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak