Martitzenean Udaleko Kultura batzordeak batzarra egin zuen eta Latzen, Aby-Kem eta Governors taldeek otsailaren 9an kiroldegian egin zuten kontzertuaren gaineko balorazioa egin zuen.
Kultura batzordeko kideek esan digute oso balorazio positiboa egiten dutela: "1.100 bat ikusle izan ziren, horietako asko kanpokoak".
Ikusleen jarrera ona
Horrekin lotuta, Kultura batzordekoek nabarmendu dute ikusleen jarrera oso ona izan zela, bai kontzertuan eta baita herrian ere.
Antolakuntza lanari dagokionez ere berba onak izan dituzte: "Erabilitako baliabide teknikoak eta segurtasun neurriak primerakoak izan dira; eta halakoa izan zen ikuskizuna ere, oso profesionala".
Bestalde, Kultura batzordeak nabarmendu du Kulturako teknikariak, kiroldegiko langileek eta udal brigadak txalotzeko lana egin dutela.
Autobusei dagokionez, ahaleginak merezi izan duela uste dute, eta azpimarratu dute aurrekari garrantzitsua izan dela, ekitaldi berezietan edo herriko jaietan errepikatzeko modukoa.
Alde negatiboei dagokionez, desmuntatze lanak gau ia osoa iraun zuen, eta horrek bizilagunen kexak eragin ditu zaratarengatik. Horrez gain, astebetean kiroldegiko kantxa erabili ezinik egon da.