Lankidetza hitzarmena aurkeztu dute Huhezik, Eskoriatzako Udalak eta Gizabidea Fundazioak

Usoa Agirre 2008ko urr. 28a, 16:37
Eskoriatzako Udalak, Gizabidea Fundazioak eta Mondragon Unibertsitatearen Huhezi Fakultateak lankidetzarako hitzarmena aurkeztu dute Eskoriatzako udaletxean. Lau ardatz nagusi izango ditu hitzarmenak: kultura ekintza bateratuak; azpiegituren erabilera; ikasleen praktikak eta karrera amaierako proiektuak; eta ikerketa. Hitzarmen horrek badu aurrekaririk iraganean, baina gaur aurkeztutakoa datozen egunetan sinatuko da.

Lau ardatz nagusi

Lankidetzarako hitzarmenak lau ardatz izango ditu:

  1. Kultura ekintza bateratuak. Eskoriatzako herria kontuan hartuta, Eskoriatzako Udalak eta Huhezik koordinatu egingo dute kultura programazioa. Era berean, Huhezik antolatzen dituen kultura ekintzak ireki egingo dizkio Eskoriatzako herriari.
  2. Azpiegituren erabilera. Eskoriatzako herritarrek erabili ahal izango dituzte Huheziren parkina eta beronen aretoak, herrian antolatzen diren kultura ekitaldietarako. Huhezik, bestalde, udal kirol instalazioak erabiliko ditu Heziketa Fisikoko espezialitatean.
  3. Ikasleen praktikak eta karrera amaierako proiektuak. Eskoriatzako Udalak hainbat praktika eta proiektu aurkez dezake, Huheziko ikasleek egin ditzaten, esate baterako, aisialdiaren inguruan edo etorkinen gainean, komunikazio planak, bideragarritasun planak, etab.
  4. Ikerketa. Eskoriatzako Udalak ikerketa lanen bat egiteko beharra duenean hezkuntzan, hizkuntzan edo soziologian, erabili ahal izango ditu arlo horietan Huhezik dituen gaitasunak.

Lau ardatz nagusi horiez gain, alde guztiek aurreikusten dute aukera kolaborazio puntualak egiteko. Prentsaurrekoa giro onean egin da, Pedro Lasagabaster Eskoriatzako alkateak esandako hitzekin bat: "Eskoriatzan harro gaude bertan unibertsitate bat dugulako". Bai Nekane Arratibel Huheziko dekanoak eta baita Arantxa Unzueta Kultura teknikariak ere poza agertu dute, alkatearekin batera, aurkeztutako hitzarmenagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak