Laino guztien azpitik jauzi ederrak egin dituzte skaterrek parke berrian

Maider Arregi 2009ko urr. 10a, 20:41
Gaur, hilak 10, inauguratu berri dute Eskoriatzako skate parkea eta gazte ugari gerturatu da tren estazio zaharrera. Maila ezberdina dutenendako egokituta dago parkea. Diseinua berriz, Piorails enpresa bergararrak egin du. Zaletasun handia dago ibarrean eta Arrasate, Aretxabaleta edota Bergarako skaterrak izan dira parke berria probatzen.

Gozatu ederra hartu dute Debagoieneko gazte askok gaur arratsaldean. Eskoriatzako skate parke berriak astindu ederra hartu du; izan ere, patinekin edota skateaz jo eta su aritu dira ibarreko gaztetxo asko. Batek baino gehiagok kolperen bat ere hartu duela onartu digu, baina, halaxe ikasten dela eta oso gustura daudela ere azpimarratu dute.
Inaugurazio ofizialerako animatu direnendako txapelketa egin du Eskoriatzako Udaleko Gazteria Sailak. Bi txapelketa egin dira, 14 urtetik gorakoendako eta beste bat 14 urtetik beherakoendako. Txapelketako skater onenendako, skaterako materiala, berriz, Arrasateko Nothing Without dendak eta Jart etxeak banatu ditu.

Maila guztietara egokituta

Aspaldidanik zegoen skate parkea egiteko eskaria. Hala, Eskoriatzako zaleek eta Bergarako  Piorails enpresak elkarlanean egin dute parkea. Piorails enpresa, Bergarako skate zaleek osatzen dute.
Ibai Lopezek beste bi lagunekin batera, parkearen diseinua egin du. Lopezen arabera, hasiberriendako ere badago tokia.   "Diseinua egiterakoan hasiberriendako modulu pare bat jarri ditugu. Maila ertaina eta altua dutenendako, berriz, aldapa malkartsuak. "Bideotan oinarritu gara diseinua egiterakoan. Burdina erabili dugu eta gainekalderako egur berezi bat".

Balorazio positiboa

Pedro Lasagabaster, Eskoriatzako alkatea eta Maider Etxaniz, Gazteria Teknikaria gustura azaldu dira. Ibarreko gaztetxoak gustura ikusi dituzte eta skate parkeari erabilera bikaina emateko ilusioz daudela azaldu digu Etxanizek. "Orain artean behintzat itxura polita dauka. Kanpotik ere etorri dira eta pozik gaude. Espero dugu jendea etortzea eta zaletasuna handitzea, baina aurrera begira ikusi beharko dugu ze erabilera ematen zaion".
Aipatu, hilaren 16an, Bergarako Laino skate parkea zabalduko dutela. Laino, Estatuko lehen parke estalia izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak