Kultura kontzeptu bezala aztertuz, Imanol Galfarsororekin

Miren Arregi Amasorrain 2009ko apirilaren 24a

Imanol Galfarsoro idazle eta soziologo Aretxabaletarra izan da astean HUHEZIn, Euskal kulturaren transmisioa graduondoko ikasleekin. Kultura kontzeptu bezala aztertu eta Euskal Herriko errealitatean duen aplikazioa izan da HUHEZIko ikasleekin aztertu duen gaia. Soziologoak, horretarako, 60 eta 70eko hamarkadetan kulturak kontzeptu bezala zuen esanahia eta gaur egunekoa alderatu zituen.

“Subordinazioaren kontra” edo “Kultura eta identitate erbesteratuak” bezalako liburuen egilea da Imanol Galfarsoro. Aretxabaletarra, soziologoa, eta idazlea, Ingalaterran bizi da, eta bertatik, ikuspuntu ezkertiar abertzale batetik, askapen nazionalaren aldeko borroka  euskal gizarteko elementu askatzaile funtsezkoenetakotzat du bere liburuetan.

HUHEZIn, baina, euskal kulturgintzaren transmisioa oinarri, 60 eta 70eko hamarkadetan kultura nola sentitzen zen eta ordutik gaur egunera kultur pentsamenduari dagokionean izan diren aldaketak aurkeztu zituen, betiere ikuspuntu pertsonal batetik.

Erresistentzia ekintza bezala ulertzen zena, gerora, eta hainbat arrazoi medio, kultur aniztasunaren eta multikulturalismoaren oinarri bezala kontsideratu edo ulertu direla dio Galfarsorok. Euskal kultura ulertzeko modua aldatu egin dela gizartean, eta erresistentzia politikoaren zentzua galdu dela uste du, kultur aniztasunari eta euskara kultur ondare soil bezala ulertzeari tokia utziz.

Aldaketa horien arrazoien edo zergatien gainean jardun zuten gero ikasleek Galfarsororekin, bakoitzak bere ekarpenak eginaz, eta hasiera batetan behintzat ikasleek onartu egin zuten Galfarsororen tesiaren haritik.

Orain arte aurkeztutako tesiaren kontra, baina, Galfarsorok, orain, eta berriz ere, kulturaren politizazioa gertatzen ari dela uste du, eta beharrezkotzat jotzen du gainera.

Ez dago beraz, bi gauzak bereizterik, Galfarsororen hitzetan. Haren ustez, ez du-eta zentzurik, euskaltzalea zarela esan eta politikaz ezer jakin gura ez izateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak