Kontratazioetan irregulartasunak egin diren susmoa dauka Udalak

Iker Barandiaran 2007ko azaroaren 30a

Aurreko legealdiko faktura batzuk heldu dira, batzordeetatik pasa ez zirenak. Alkateak Hirigintza batzordea deitu du astelehenerako, arazoa argitzeko.

Eguaztenean ohiko osoko bilkura egin zuten udaletxean. Hainbat gai aztertu zituzten eta besteak beste, Juan Carlos Bengoak zinegotzi kargua utzi duela jakinarazi zuten. Horrez gain, osoko bilkuran minutu bateko isilunea egin zuten astean hil den Tomas Madinabeitiaren omenez. Madinabeitiak hainbat lan egin zituen Udalarendako.


Aurreko legealdikoak
Baina, bestelako gai bat jarri zuten mahai gainean. Astean hainbat faktura heldu dira Udaletxera, diru kopuru handikoak.
Udaleko idazkariak jakinarazi zuen faktura horiek aurreko legealdian Frixi enpresari egindako kontratazioenak direla. Are gehiago, alkateak azpimarratu zuen kontratazio horiek ez dutela diru partidarik izan, eta ez direla batzordeetan onartu.
Horrekin lotuta, azaldu zuten faktura horiek San Juan kaleko lanen gaineko kontzeptua dutela, eta guztira ia 180.000 euro batzen dituztela. Horren harira, idazkariak azaldu zuen guztira sei faktura direla eta horietako bakoitza oso gutxigatik ez dela heltzen 30.000 eurotara.

Alkateak azpimarratu zuen 30.000 euroko kontratazioa egitekotan derrigorrezkoa dela lehiaketa publikora ateratzea, eta hain justu fakturetako kopuruak apur bat txikiagoak zirela.

Alkateak jakinarazi digu astelehenerako Hirigintza batzordea deitu duela, eta batzar horretara aurreko legealdiko Hirigintzako arduradunak deituko dituztela. GOIENKARIAk aurreko legealdiko Hirigintza batzordeengana jo du, baina astelehenera arte ez dute azalpenik emango.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak