Kartzela zigorra Juan Carlos Bengoa Eskoriatzako alkate ohiari

Iker Barandiaran 2008ko aza. 4a, 19:30
Gipuzkoako Audientzia Probintzialak urte bateko eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri die Eskoriatzako alkate ohi Juan Carlos Bengoari eta Elizateetako zinegotzi ohi Javier Villarri, dokumentu publikoak faltsutzearren. Horrez gain, epe horretan ezingo dute lan edo kargu publikorik hartu.

Auziak azaltzen duenaren arabera, 2005eko ekainaren 27an, Eibar-Gasteiz autobidearen Arlaban eta Eskoriatza arteko tramuaren erakusketa publikoa bukatu beharreko egunean, Eskoriatzako Udaleko Azpiegitura batzordeak erabaki zuen erakusketako epea luzatzeko eskatzea.

Udalaren eskaera hori Aldundira uztailaren 8an heldu zen, eta Audientzia Probintzialak jakinarazi du Udaleko Azpiegitura batzordeak erabaki hori hartu zuenetik dokumentu horri Udaletik irteera ofiziala eman zioten arte 10 egun pasa zirela. Hortaz, epaiak dio bi ordezkariek erabaki horren datak faltsutu egin zituztela.

Hasiera baten, Bergarako epaitegian fiskalak eta epaileak ez zuten deliturik antzeman. Baina, Aldundiak berriro eraman zuen auzitara, Donostiara. Horren ostean, akusazio partikularra, Aldundia, kasutik erretiratu zen, baina fiskalak aurrera egin zuen.
    
2008ko apirilean deklaratzera deitu zituzten, baina zigorrak 6 urtera artekoak izan zitezkeenez, kasua Audientzia Probintzialera pasatu zuten.

Azkenean Audientzia Probintzialaren epaia jakitera eman dute: urte beteko eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra, eta epe horretan kargu publikorik ez hartzea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak