Gaur, egubakoitza, inauguratuko dute Jose Aranaren gaineko erakusketa, 19:00etan, Ibarraundin. Horren ostean luncha egongo da. Horretarako, baina, otsaila ezkero daramate lanean. Isabel Aramendia museoko langile arrasatearrak izan du ardura nagusiena. Hura ibili da dokumentazio lanak egiten, materiala batzen eta erakusketa izango dena diseinatzen, besteak beste.
Aramendiak aipatu du lankideez gain, Kutxak, Euskadiko Kutxak eta Arrasateko Udalak ere lagundu dutela.
Ikasleendako ere aproposa
Erakusketa gaur zabalduko dute, baina urriaren 19ra arte egongo da zabalik. "Ikasleek herriaren historiaren gainean ikastea gura dugu eta dagoeneko oporretan daudenez, irailerako material didaktikoa prestatuko dugu", azaldu zigun Aramendiak.
Erakusketa eta liburuxka
Erakusketa lau informazio panelez osatuta dago: Jose Arana Elorza, Jose Arana eta Donostia, Jose Arana eta Madril eta Jose Arana eta Eskoriatza, hain zuzen ere. Panel horietan jasotako informazio guztia liburuxkatan ere batu dute, eta horiek eskuragarri egongo dira Ibarraundin. "Erakusketa etxera eramateko modu bat da", azaldu zigun Isabel Aramendiak.
Panelez gain, baina, bestelako elementuak ere izango dira: hala, zezen-plaza handi bat eta Aranaren bulegoa irudikatu dituzte; herriko plazan zegoen Jose Arana eskolako erlojua eta marmolezko kartela berreskuratu dituzte; Mariano Benlliurek egindako panteoiaren erreplika bat jarriko dute; eta baita Aranaren gaineko bideo muntaia ere.
Ekintzaile eta filantropoa
Jose Arana loteriarekin aberastu zen Donostian, eta dirua inbertitzeari ekin zion. Hala, Semana Grande edo Aste Nagusia Aranak berak asmatu zuen, eta zezenketak eta bestelako ikuskizun ugari antolatu zituen, tartean Donostian egindako nazioarteko orfeoi eta txaranga lehiaketa.
Madrilen ere egin zituen hainbat urte: han Errege antzokiko arduradun izan zen bost urtean eta arrakasta handia izan zuen, antzokiari galdutako xarma eman zion-eta. Horrekin guztiarekin diru ugari batzeaz gain, irabazitakoa Eskoriatzan eta beste leku batzuetan banatu zuen Jose Arana mutilzaharrak.
Herrian jaio zen eta bertan dago lurperatuta
Jose Aranak urte asko egin zituen Donostian eta Madrilen, baina tarteka jaioterrira etorri zen eta harreman estua zeukan Eskoriatzarekin. Hil zenean, testamentuan 200.000 pezeta utzi zizkion herriari eskola, ospitalea eta ur hornidura egiteko. Herrian lurperatu zuten, Mariano Benlliurek egindako panteoian.