Giroa hotz kanpoan eta bero bila Intxaurtxueta kiroldegira 1.000 bertsozale inguru batu ziren. Final erdiak izanik bero espero zen giroa baina epel antzean joan zen saioa. Unai Agirre, Jexux Mari Irazu, Uxue Alberdi, Beñat Gaztelumendi, Ainhoa Agirreazaldegi eta Jon Martin, Egoitz Aizpuru gai jartzailearen esanetara bertsotan jarduteko gertu ziren.
Agurretan askotariko kontuak eta aipamenak. Irazuk, esaterako, bertso eskolen aitzindari izan ziren ibarreko Xanti Iparragirre, Patxi Goikolea eta Juanito Saizar izan zituen gogoan. Eztarriko minez eta "gallito"-ak egiteko arriskuarekin zetorrela esan zuen Martinek eta oilartzeko garaia ere bazuela. "Gallito"-rik egin gabe baina oilar eta oilanda arteko borrokan bera izan zen amaieran nagusi.
Ofizioka
Zortziko handian ekin zioten bertsolariek lan puntuagarriari. Zuzen, fin jardun zuten eta ale politik entzun zen. Alaba ballet-eko ikasketak egitera kanpora doan gurasoaren paperean Irazuk ideia polita bota zuen esanez, "igual gerorrek beharko dugu hanka puntetan ibili".
Zortziko txikian umorez hasi ziren Unai Agirre eta Uxue Alberdi. Elkarrekin bizi eta Uxue begetarianoa izanik, Unaik bide bera jarraitu duela esan zien gai jartzaileak. Bizi hasi zen Unai eta haragi, gorputz eta berde kontuekin hitz joko politak egin zituzten.
Irazuk eta Agirreazaldegik obrako langileen paperetik jardun zuten; lan-astea amaituta zikin-zikin Jexux Mari eta garbi Ainhoa. Ateraldi politik izan bazen ere, ez zen aparteko jarduna izan. Gaztelumendi Martinen gela margotzen ziharduen margolaria izan zen eta Martin koloreekin konforme ez zegoena. Bizkor eta bizi egin zuten bertsotan argi-ilunak eta koloreak baliatuz.
Puntuka
Ariketa berria zen txapelketan puntukakoa eta sumatu zen hori. Ainhoa eta Uxue ez ziren eroso jardun. Beñatek eta Unaik futbolarien paperean puntu zorrotz batzuek bota zituzten, baita patin ikastaroan ipini zituen Jonek Jexux Marik ere.
Seiko motzekoa ere, fase honetan sartu duten ariketa da. Unai Agirrek eta Ainhoa Agirreazaldegik txukun eta fin osatu zuten lehen bertso aldia. 18na urteko bi gazte ziren, prostituta Ainhoa eta bezeroa Unai. Unaik Ainhoari bota zion: "zuk sakelean duzu zuloa ta nik bihotzean"; eta modu txukunean erantzun zion Ainhoak: "Nire hoztasunak zure zulorik ez du estaliko". Ainhoa Agirreazaldegik ere ariketa horretan jardun zuen gusturen: "nire barrutik gehien kantatu ahal izan dudan saioa izan da".
Irazuk eta Gaztelumendik paseoan ezin zuten topo; aitaren gurpildun aulkiarekin lehenengoa eta ume karroarekin bigarrena. Bertso aldi samurra izan zen.
Martinek eta Alberdik harremana amaitu eta parrandan topo egin ostean elkarrekin oheratu zirenen ahotik jardun zuten. Saioak kutsu bihozbera izan zuen. Esaterako, Jonek kantatu zuenean: "Maite zaitut bat esan zaidazu nahiz gezurra izan".
Kartzelatik epaitegira
Hori zuten kartzelako gaia: “Epaitegiko gela utzi berri duzu”. Epaituaren paperetik kantatu zuten denek, euskal preso politikoen azaletik gehienek. Ideia eta arrazoi politik entzun zen kartzelan baina gaia ez zuten behar bezala aprobetxatzen jakin eta lan bete-beterik ez zen entzun; kartzelan txukunen beharbada Jon Martinek jardun zuen.
Lanak amaitu eta puntuazioaren zain zeudela agurra bota zuten denek. Aipatzekoak Ainhoak eta Uxuek gurasoei lehenak eta familiako eta Hamaika Bertuteko kideei bigarrenak bota zizkieten bertso hunkigarriak.
Jon Martin izan zen lehena, hortaz, Illunbeko finalerako txartela eskuratu duena; eta sailkapena horrela geratu zen:
- Jon Martin 497,5 puntu
- Jexux Mari Irazu 496 puntu
- Unai Agirre 492,5 puntu
- Beñat Gaztelumendi 488,5 puntu
- Uxue Alberdi 484 puntu
- Ainhoa Agirreazaldegi 443,5 puntu
Saio ostean, Ainhoa Agirreazaldegi elgetarrak esan zigun ez zuela aldarte onik izan eta urduri sumatu zuela bere burua. Hala ere, txapelketan barrena egindako lanarekin gustura dagoela ere esan zigun. "Gainera, hemendik bi urtera izango da Euskal Herriko Txapelketa eta bi urte horietan indar gehiagorekin lan egiteko gogoa piztuko didala uste dut; eta nahi dudana da bertso eskolan eta ahal dela saioetan gozatzea eta burua bertsoetan jartzea".
Jon Martin pozik zen saio ostean: "Saioan barrena lasaitasun arraro bat izan dut ez zidana uzten normalean bezain azkar pentsatzen eta seguru kantatzen; baina bertsoak ongi joan dira. Hortaz, bi inpresio nituen bertsoei zegokiena eta gorputzaldiarena; badirudi bertsoena izan dela balekoa". Finalean izango da Martin eta esan zigunez "oraindik beste eskailera bat igotzeko aukera badago".