Jende asko erakarri zuen ardo dastatzeak

Mirian Biteri 2009ko azaroaren 29a

Giro ederra egon zen joan den zapatu iluntzean Eskoriatzako herriko plazan. Aitzorrotz kultura elkarteak antolatuta, Errioxako saldak dastatzeko aukera izan zuten han batu zirenek.

Hasiera lasaia izan bazen ere, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizuna amaitu zenean, jende askok plazarako bidea hartu zuen, ardoa eta txistorra pintxo beroa jateko asmoz.

Urtekoa, ondua eta zuria

19:30erako plaza jendez lepo zegoen. Ordurako, udaletxeko arkupetan, jo eta su zeuden zartaginak txistorra gozoa frijitzen;  plazan jarritako bost karpetan, berriz, ardo botilei kortxoa kentzeko astirik ez zuten. Aurreko edizioetan bezala, salmenta txartel bidez egin zuten; 5 euroren truke beste horrenbeste txartel jaso zuten ardo zaleek.

Askotariko salda edateko aukera izan zuten han. Urtekoei dagokionez, Ostatu, Ikasle, Eredun eta Larchago; eta ardo ondoen harira, Mazarredo, Larchago, Salabal eta Marques de Vitoria. Ardo zuria gustuko zutenek, bestalde, Blanco Nieva zuten. Musika ez zen falta izan dastatzea iraun zuen bitartean: herriko txistulariak emanalditxoa eskaini zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak