Udaleko Euskara batzordeak San Pedro jaietarako esaldi lehiaketa antolatu du Aireatu gure jaiak lelopean. Urte askotxo darama Udalak lehiaketa hori antolatzen, eta oso harrera ona izan ohi du beti.
13 urtetik gorakoendako
Lehiaketara aurkeztutako esaldiek derrigorrez jaiak ondo pasatzera gonbidatu beharko dute; eta horren baitan San Pedroak, jaiak, euskara eta gazteak elkartzea komeni izango da. Horrez gain, jaiak neurrian ospatzea deseatu beharko dute egileek.
13 urtetik gorako edozein eskoriatzarrek esku hartu ahal izango du lehiaketan, baina ezingo dira banaka aurkeztu. Hala, ezinbestekoa izango da bost pertsona bitarteko taldeak sortzea.
Esaldiak aurkeztu gura dituzten interesatuek udaletxeko eta kultura etxeko eskapeetan jarriko dituzten buzoietan sartu beharko dituzte. Kartazal baten barruan taldearen izena ipini beharko dute. Barruan, berriz, beste kartazal itxi baten sartu beharko dute datuen txartela. Buzoiak maiatzaren 23an jarriko dituzte, eta aurkezteko azkeneko eguna ekainaren 6a izango da.
'eskoriatza.net'-en iragarri
Antolatzaileek jakinarazi dute ez dituztela onartuko neurriz kanpoko kontsumoa bultzatuko duten esaldiak, ezta jarrera sexistak erakusten dituztenak.
Bestalde, talde bakoitzak goitizen bakarra erabil ahal izango du, eta pertsona batek talde batean bakarrik esku hartu ahal izango du.
Esaldiak baloratuko dituen epaimahaia Udaleko Euskara azpibatzordeko kideek osatuko dute; eta ekainaren 10ean www.eskoriatza.net webgunean iragarriko dute irabazlearen izena eta San Pedrotan herriko plazan jarriko duten esaldia.
Esaldi onenaren egileek San Pedroetan afaria irabaziko dute; eta pegatinen esaldien egileek, 50 euro.