Isunetan %70eko deskontua, 15 eguneko epean ordaintzeagatik

Mirian Biteri 2010ko ira. 9a, 17:11
Eskoriatzako udalerrian zirkulazio arloan egiten diren arau-hausteen gaineko araudian hainbat aldaketa egitea onartu dute. Besteak beste, isuna jarritako egunetik 15 eguneko epearen barruan ordaintzeak orain arte isunaren %50eko deskontua zeukan, baina hemendik aurrera beherapen hori %70ekoa izango da.

Arau-hauste edo isunen kopuruak igotzea ere erabaki du, era berean, udalbatzak. Hala, arau-hauste arinak 50 eurorekin zigortuko dira (lehen, 30); larriak, 200 eurorekin (lehen, 100); eta oso larriak, 500 euroko isunarekin (lehen, 301 euro). 

Horrez gain, elbarrien erabilera esklusiborako seinaleztatutako tokietan baimen barik aparkatzea orain arte arau-hauste arina zen, baina aurrerantzean arau-hauste larria izango da, eta, hortaz, demandatuak 200 euro ordaindu beharko ditu; eta, hamabost eguneko epean ordainduz gero, 60 eurorekin zigortua izango da.

Bestalde, isun arina izaten jarraitzen du autoa uztea bi noranzko kaleetan, ibilgailuen zirkulaziorako errei batean; baimendutako ordutegiaren barruan zama-lanak egiteko guneetan; espaloien gainean eta pasealekuetan, kontrakoa dioen seinaleztapenik ez dagoenean; bigarren ilaran; zabor edukiontziak oztopatzen diren tokietan; eta behar bezala seinaleztatuta eta mugatuta dauden garraio publikoaren geltokietan.

Irailaren 30era arte

Horiek horrela, zirkulazioaren udal ordenantzan udalbatzak egindako aldaketen gaineko erabakia jendaurrean dago, Udaltzaingoaren bulegoan, nahi duenak aztertu eta egoki iritzitako erreklamazio edo iradokizunak aurkez ditzan; irailaren 30era arte aurkez daitezke erreklamazioak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak