Elkar Hezitzen Debagoieneko Garapenerako Hezkuntzarako lan-taldeak, Euskal Herritar Arabiar eta Libiar elkartearen laguntzarekin, Islama, guztion ondarea ekimena prestatu du. Maiatzean Eskoriatzako Ibarraundi museora eramango dute ekimen hori. Hain zuzen ere, maiatzaren 9tik 29ra bitartean erakusketa eta tailerrak egongo dira bertan.
Diaporama eta berbaldia
Horrekin lotuta, maiatzaren 5ean, astelehena, Gorka Quevedo kazetariak eta Komite Internazionalistak taldeko kideak Palestina, 60 urte erresistentzian berbaldia egingo du Ibarraundi museoan, 17:30ean. Hitzaldia emateko, Palestinako gatazka erakusten duen diaporama erabiliko du.
Kulturen ezagutza sendotu
Erakusketaren helburua da islamiar kulturaren ezagutza sendotzea, eta horren gainean dauden aurreiritziak apurtzea. Batez ere, lehen hezkuntza eta bigarren hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago erakusketa, baina gainontzeko publikoarendako ere aproposa dela uste dute antolatzaileek.
Usaimena eta entzumena landu
Erakusketan jarritako panel edo taulekin informazioa emateaz gain, beste zentzumenak ere erabiliko dituzte kultura horretan barneratzeko: hala, usaimenaren bitartez, islamiar herrialdeetako esentziak ezagutu ahal izango dira; eta hango musika ere izango da entzungai.
Islamiarrak gonbidatu
Horrez gain, herrialde horietako dantza propioak eta arabiar kaligrafia mota lantzeko tailerrak ere jarriko dituzte, gaztetxoek edo bestelakoek ezagutu eta gura izanez gero, ikas ditzaten.
Modu berean, antolatzaileen asmoa da hemen inguruan bizi diren islamiar kulturetako pertsonei tailerretan esku hartzera gonbidatzea. Hala, horiek aukera izan ditzaten hemengo interesatuei euren esperientzia azaldu eta transmititzeko; eta, bide batez, euren kulturarenganako aurreiritziak apurtzen dituzten eta gehiago jakin gura duten jendea dagoela ikustea. Elkarlan horrekin muga asko apurtu daitezkeela uste dute Elkar Heziko arduradunek.
Tailer interaktiboak
Erakusketa ibiltaria dugu hau eta bederatzi multzotan banatutako 36 panelek osatzen dute. Panel horietan islamiar gizartearen alderdi guztiak azaltzen dituzte, eta argazki eta ilustrazio askorekin jantzita dago. Horrekin batera, interaktiboak diren hainbat gailu ere batu dizkiote: usaimena lantzeko hiru mahai, arabiar kaligrafia garatzeko beste mahai bat, eta bisitariek osatu dezaketen buru-hausgarri erraldoi bat, arkitektura islamiarrean gehien erabiltzen diren elementu geometrikoekin.
Erakusketa ibiltaria
Eskoriatzara heldu aurretik, Islama guztion ondarea Madrilen, Almerian, Escorialen, Granadan, Caceresen, Leon eta Espainiako beste hainbat hiritan egon da ikusgai. Eskoriatzakoa bukatu bezain laster, berriz, Barakaldoko BECera eramango dute, eta horren ostean, beste hainbat geltoki izango ditu. Antolatzaileek uste dute guztiok daukagula asko ikasteko: ikasleek, irakasleek, gurasoek eta beste edozeinek.