Iraila bukaeran jakingo dugu Leintz Ibarraundi Fundazioaren logotipo lehiaketaren epaia. Hala jakinarazi digu Eskoriatzako alkate Pedro Lasagabasterrek. Irabazleak 2.000 euroko saria jasoko du, eta aukeratutako lanak fundazioa irudikatuko du.
Lehiaketa ekainean deitu zuen Leintz Ibarraundi Fundazioak eta, batez ere, diseinu grafikoan diharduten aditu eta profesionalei zuzendu zieten deialdia. Hala, orduan jakinarazi zuten baloraziorako irizpideak zeintzuk izango diren: erabilitako formen itxura berritzailea, fundazioaren helburuen adierazle izatea, logotipoa fundazioaren izenarekin modu egokian integratzea, originaltasuna, eta kalitatea eta adierazgarritasuna, hain zuzen ere.
Uztailaren erdialdean bukatu zen lanak aurkezteko epea. Eta orduko patronatuak erabakia bi eguneko epean ematea aurreikusi zuen. Egungo patronatuak, baina, gurago izan du erabakia hartzeko denbora gehiago hartzea, "gauzak hobeto egitearren", alkatearen esanetan. Patronatua Udaleko hiru ordezkarik eta Eusko Ikaskuntzako beste bik osatzen dute.
Horrez gain, logotipo lehiaketa deitu zutenean, fundazioaren orduko arduradunen asmoa zen epaimahaia fundazioaren patronatuak osatzea, baina egungo udalbatzarrak ez du uste hori egokia denik. "Patronatua bost lagunek bakarrik osatzen dugu, gutxiegi da, eta gainera ez gara diseinu grafikoan adituak", azaldu zigun Pedro Lasagabaster alkateak.
Horregatik, ibarreko adituei lan horien gainean galdetu diete eta jende askoren artean erabakia hartu dute: "Diseinu adituez gain, zinegotzi guztiei eta udaleko hainbat langileri esan diegu iritzia emateko, erabakia sozializatzeko asmotan", azaldu zigun alkateak.
Erabakia askoren artean
Lehiaketara 30 lanetik gora aurkeztu dituzte, eta dagoeneko horietako batzuk atzera bota dituzte, finalistak aukeratu dituztelako. Hala jakinarazi diete baztertutako lan horien egileei orain dela egun gutxi.
Behin finalisten izenak batuta, azkeneko erabakia datozen asteotan hartuko dutela jakinarazi dute. Hain zuzen ere, seguruenik, irailaren bukaeran emango dute jakitera logotipoa bera eta irabazlearen izena.
Koordinatzailea kontratatu
Leintz Ibarraundi Fundazioarekin lotuta, horren ardura duten Udaleko ordezkariek azaldu digute euren asmoa dela fundazioa kudeatuko duen arduradun edo koordinatzaile bat kontratatzea. Ezinbestekotzat dute figura hori sortzea. Dagoeneko hasi dute kontratazio prozesu hori, eta datorren hilabeterako zabalduko dituzte horren gaineko zehaztasunak.