Iraia Arzamendiren margolanak ikusgai egongo dira bihartik Ibarraundin

Mirian Biteri 2009ko mar. 5a, 17:12
Iraia Arzamendi eskoriatzarraren margolanak ikusgai egongo dira hilaren 20ra arte. Bihar, egubakoitza, izango da 'Bidean' izeneko erakusketaren inaugurazioa, 19:00etan. Han dauden lanak salgai jarri ditu artistak.

Bere lanekin egiten duen hirugarren erakusketa da hori. Arzamendik azaldu digunez, azken hiru urteetan egindako lanen aukeraketa daude erakusgai Ibarraundin. Teknika grafikoa landu du guztietan. Hala, grabatuak, serigrafiak eta litografiak ikusi ahal izango dira.

Aurretik jarritako erakusketekin alderatuta, baina, oraingoak badauka ezberdintasunik; planteamendu eta helburu jakin batekin eginda dagoela. Uztailean Mexikoko Altzayanca herrira doa Arzamendi, Orioko lagun batekin batera. Han, bost eta hamabost urte bitarteko mexikarrendako kanpamentu artistikoa jarriko dute, artea eta kultura zabaltzeko helburuarekin.

Eskoriatzarraren arabera, "herrialde horretan kultura maila oso baxua dute eta horri aurre egiteko, kanpamentu artistiko eta kulturala jarriko dugu".

Lanak salgai

Proiektu hori aurrera atera ahal izateko, Ibarraundin erakusgai dauden lan guztiak saltzea erabaki du: "Hortik lortzen dugunarekin hara eramateko materiala erosi ahal izango dugu". Museoan dauden margolanez gain, beste hainbat lan ere salgai izango ditu.

Arzamendik jakinarazi digu ez dela lehenengo aldia borondatezko egitasmo batean lan egiten duela. Joan den urtean, esaterako, birziklatzearen gaineko programa batean parte hartu zuen Italian.

Ordutegia

Erakusketa zabalik egongo da martitzenetik egubakoitzera, goizez eta arratsaldez, 09:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara; zapatuetan, berriz, 18:00etatik 20:00etara; eta domeketan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak