Hango hainbat bizilagunen arabera, eraikuntza enpresak ez ditu garajeak behar bezala iragazgaiztu eta teilatuak ez dira ondo eraiki.
Ez da lehenengo aldia Intxaurtxueta auzoko hainbat etxebizitzen egoera salatzen dutela. 21 eta 22 zenbakikoek, esaterako, eraikuntza enpresa berdina epaitegietara eraman dute. Teilatuetan arazo larriak dituzte eta tximinietako eta veluxetako erremateak txarto egina daude. Intxaurtxueta auzoko etxe gehienak Promociones Eskoriatzak egin ditu.
Irtenbide barik
Auzoko 36. zenbakiko bizilagunek diotenez askotan jarri dira enpresarekin harremanetan eta ez dute nahi duten erantzuna jaso: "Arazoa konponduko dituztela diote eta horretarako, garajeetan erretxina bota, zirrikitu txikiak jarri eta kanalizazioak egin dituzte. Bi hilabeterako balio dezake baina, hori ez da irtenbidea. Beraiendako konponduta dago baina, ez da horrela”.
Udalera ere jo dute. Horrek duen jarrerarekin ez daude oso konforme; izan ere, bizilagunek etxeekin dituzten arazoak jakinda, orain dela hilabete batzuk enpresak berak egindako eraikin bati bizigarritasun baimena eman izana arbuiatu dute: “Gogor egin behar diote enpresa horri. Oraindik lanak dituzte herrian. Kontu handiz ibili behar du eta eraikuntza enpresa horri azalpenak eskatu behar dizkio”.
Udala: "Zaila da kontrolatzea"
Pedro Lasagabaster alkateak azaldu digunez, bizilagunek Udalaren "babes osoa" dute. Onartu du neurriak hartzen ahalegintzen direla, baina "oso zaila" dela legalki horrelako gauzak kontrolatzea. Promociones Eskoriatzakoekin ere harremanetan jartzen saiatu gara baina ez dugu lortu.
Bizilagunek, bitartean, aurrera jarraituko dute bere etxeak konpontzen dituzten arte. Eraikuntza enpresaren jarrera ikusi ostean, kontsumitzaileen elkarteetara joko dute dituzten eskubideen gaineko informazioa jasotzeko. Etxeen egoeraren gainean akta bat jasotzea eta Arartekora jotzea ere pentsatu dute.