ETArekin zerikusia duelakoan, Azpitarte zapatuan atxilotu zuten Ipar Katalunian Jurdan Martiategi eta Alex Uriarterekin batera. Polizia iturrien arabera, hasiera baten gaur bertan ziren eramatekoak Parisera ustezko etakideak Laurence Le Vert epailaren aurrera. Azkenean baina, eta inkomunikazioa ahal bezainbeste luzatu eta gero bihar eramango dituzte Parisera.
Alberto Perez Rubalkaba Espainiako Barne ministroak azaldu duenez, Ipar Katalunian atxilotutakoei lehergai 'pixka bat', hiru pistola, dokumentazioa eta material informatikoa harrapatu dietela.
Polizia operazio berean, baina kasu honetan Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian, beste sei pertsona ere atxilotu zituzten: hauetako bat libre utzi duten arren, besteek inkomunikatuta jarraitzen dute Madrilen.
Elkarretaratzea Eskoriatzan
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Eskoriatzako plazan Gorka Azpitarte eskoriatzarren askatasunaren eskatzeko eta errepresioaren kontra.