Iñaki Pierruges izango da, berriro, PSE-EEko hautagaia

Iker Barandiaran 2007ko martxoaren 28a

Eskoriatzako PSE-EEk maiatzeko udal hauteskundeetarako zerrendaburua aurkeztu zuen martitzenean. Udaleko osoko bilkuran egin zuten aurkezpenean Gipuzkoako Batzar Orokorretarako PSE-EEren hautagai Miguel Buen izan zuen alboan Eskoriatzako zerrendaburu Iñaki Pierrugesek.

Pierrugesen ostean, orain arte Eskoriatzako udalean zinegotzi izan den Coral Rodriguez ere aurkeztuko da. Zerrenda osatzen duten gainontzeko izenak ez zituzten jakitera eman.

Legealdiaren errepasoa

Lehenik eta behin, Pierrugesek bukatzera doan legealdiaren gaineko errepasoa egin zuen. Haren esanetan, bere alderdia saiatu da EA-EAJren gobernuarekin batera eskoriatzarren alde lan egiten. Baina onartu zuen udal gobernuarekin desadostasunak izan dituztela politika eta kudeaketa direla medio.

Pierrugesek salatu zuen industrialdearen gaineko transparentzia falta dela. Arrazoi horregatik udal aurrekontuak onartzerako orduan abstenitu egin direla aitortu zuen. Bestalde, gogora ekarri zuen PSE-EEk Zubillagako hiltegiaren alde egin duela, EAJren pribatizazio joeren kontra; baita Arrasateko eskualdeko ospitalaren proiektua ere babestu egin dutela.

Etxebizitza tasatuak

Arbiñoste inguruan udal gobernuak bultzatu dituen etxebizitzei dagokienez, nabarmendu zuen aurreikusitako 32 etxebizitza tasatuak "gutxiegi direla diru sarrera txikiak dituzten herritarrendako". Horrekin lotuta, eskatu zuen Udalak etxebizitza horien salmentarekin jasotako dirua lurra erosten inbertitzeko.

PSE-EE abstenitu egin zen, baita ere, zeramika bilduma erosteko eztabaidan. Pierrugesen esanetan, Ibarraundi museoan "inbertsio handiegiak egin dituzte horrek herriari emango dion onura txikia kontuan hartuta". Eta gaineratu zuen EB bilakatu dela "udal gobernuaren morroi txintxoena".

Autobidea

Bukatzeko, autobidea izan zuen berbagai. PSE-EEk autobidearen gaineko udal batzordean gogor lan egin duela azpimarratu zuen. Hala, zerrendaburuaren esanetan batzordeak eskatutako hainbat hobekuntza aintzat hartu zituen Bidegik. Horrekin lotuta, nabarmendu zuen hainbat herritarrek, bereziki kaltetuek, esku hartzeko aukera izan zutela nabarmendu zuen. Horren parera, EAJ eta EAren jarrera salatu zuen: "Alderdi horiek Aldundian dituzten ordezkariek ez diete kasurik egin udal batzordeak hartutako erabakiei eta aurkeztutako alegazioei. Horren ordez, Eskoriatzako EA eta EAJk subentzio garrantzitsuak jaso dituzte, autobideak kaltetutakoei lagundu beharrean".

Legealdi berrirako asmoak

Ekainetik aurrera abiatuko den legealdiari dagokionez, PSE-EEk azaldu zuen herritarrengandik hurbil egongo den politika egin gura duela; herriko nagusienak babestuko dituen Dependentziaren Legea bultzatuko duela; eta Etxebizitzaren Ituna suspertuko duela, besteak beste. Itun horren helburua da etxebizitzen salneurrik merketzea, babes ofizialeko etxe gehiago egitea eta alokairua bultzatzea. Horrez gain, ingurumenaren alde ere egingo duela gogoratu zuen, garraio publikoa lehenetsiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak