Ikerketa batzordeak dio aurreko agintaldian irregulartasunak eman zirela

Mirian Biteri 2008ko api. 14a, 11:46
Ikerketa batzorde bereziak egindako txostenaren ondorioak aurkeztu zituen egubakoitzean, ez ohiko osoko bilkuran. San Juan kaleko eta Dorleta auzoko lanetan irregulartasunak eman zirela ondorioztatu du.

Joan zen abenduaren 26an ikerketa batzorde berezia eratzea onartu zen, Dorleta auzoan nahiz San Juan kaleko obretan legez kanpoko jarduerarik egin ote dituzten edo ez argitzeko.

 
Horretarako, lan horiek egin zituzten Injelan eta Frixi eraikuntza enpresekin eta garai hartako alkatearekin eta Hirigintza zinegotziarekin, Juan Carlos Bengoarekin eta Josu Ezkurdiarekin, hurrenez hurren, bildu ziren batzordekideak. Dorleta auzoko lanak egin zituen enpresak, Fonortek, uko egin zion ikerketa batzordean azalpenak emateari.

Informazio eta gardentasun falta

Egindako ikerketen gaineko txostenaren berri eman zuen egubakoitzean batzordeko presidente Iñaki Pierruguesek (PSE-EE). Txostenaren hirugarren puntuak honako hau dio: "San Juan kaleko obretan ezarritako lege prozeduraren ez betetzeak eman dira: aurrekontuetan aurreikusita ez zeuden gastuak bideratzea eta dagokien udal organoek horren ezagutzarik ez izatea. Irregulartasunak bideratzen saiatu baziren ere, ez zen helburu hori lortu. Informazio eta gardentasun falta eman da eta legez kanpo jarduten ari zela jakina izan da".

Osoko bilkuraren ostean, Eskoriatzako alkate Pedro Lasagabasterrek batzordeak ateratako irregulartasunak "larriak" izan direla eta beraz, horren gainean, hausnarketa sakona egin beharko dela aipatu zuen.

Aurreko agintaldiko alkate Juan Carlos Bengoak jakinarazi du, momentuz, ez duela adierazpenik egingo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak