Iker Eskibel: "Urte gogorra izan da, baina Euskadiko txapeldunaren maillotak merezi izan du"

Xabier Urtzelai 2009ko uzt. 29a, 19:32
Iker Eskibel eskoriatzarrak bikain biribildu du denboraldian zehar mendiko bizikleta gainean egindako lana. Batetik, orain dela bi aste Lizarralde Kirolak taldeko ziklista Euskadiko selekzioarekin lehiatu zen Katalunian –26. sailkatu zen– eta bestetik, joan den asteburuan Kantabrian egindako hirugarren postuari esker Euskadiko txapelketa irabazi du bere kategorian.

"Denboraldi gogorra izan da. Apirilean hasi ginen Euskadiko mendiko bizikletako txapelketako lasterketekin, eta joan den astean izan genuen azkeneko lasterketa. Baina, Euskadiko txapeldunaren maillota lortu izanak merezi izan du egindako esfortzua".

Eskoriatzako gaztea Dorletako Ama Txirrindularitza talde barruan dagoen Lizarralde kirolak taldeko kide da, eta kadete eta gazte mailako lasterketetan ordezkaritza zabala dute. Bere kategorian, baina, Eskoriatzakoa nabarmendu da –Alex Aranburuk ere urte oso txukuna egin du, eta hura ere Euskadiko selekzioarekin izan zen Katalunian–.

Eskibel ez da  podiumeko lehenengo postura gehien igo den ziklista izan, hor lehiakide gogorra izan du, Jonathan Lastra, baina Eskoriatzakoaren erregulartasunak saria izan du, proba ia guztietan podiumean egon delako: "Bastidako lasterketan baino ez dut irabazi, baina gainontzeko ia guztietan podiumean izan naiz. Beno, Muskizen bosgarren izan nintzen, baina hor, elite mailako ziklista batek konturatu barik zirkuituko zinta bizikletarekin eraman eta atzetik bigarren postuagatik lehian genbiltzan bi ziklista galdu egin ginen. Hori bai, Lastra dagoen tokian ez daukat zereginik, beste maila batean dagoen ziklista delako. Saiatu izan naiz haren atzetik joaten, baina, itzuli bat egin orduko atzean uzten nau".

Mendiko bizikletarekin kadete mailako txapeldun izanda, Eskoriatzakoak argi du errepideko bizikletari lehentasuna eman nahi diola: "Datorren urtean gazte mailan izango naiz, eta errepidea eta mendia batera egin nahi ditut, baina aurrerago errepidera mugatuko naiz". Hori bai, Eskibelek bizikleta gaineko beste modalitate bat probatu nahi du, ziklokrosa: "Geroago eta jende gehiago dabil hor, eta denboraldia prestatzeko ezin hobeto etortzen da ziklokrosa egitea. Baina, hor ere bi bizikleta behar dira, eta...".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak