Ibarraundi Fundazioaren logotipo lehiaketa martxan

Iker Barandiaran 2007ko uzt. 5a, 13:55
Leintz Ibarraundi Fundazioak, Leintz ibarreko kultura eta ezagutzaren gune eragile berria izango denak, logotipo lehiaketa deialdia ireki du. Lehiaketaren helburua da aipatutako fundazioa- rendako logotipoa aukeratzea. Hilaren 18a da lanak aurkezteko azkeneko eguna, eta 2.000 euro da saria.

Deialdia diseinu grafikoan diharduten aditu eta profesionalei zuzenduta dago, eta Ibarreko edozeinek parte hartu ahal du. Logotipoak hilaren 18a baino lehen aurkeztu beharko dira. Hain zuzen ere, egun horretako 14:00etan bukatuko da lanak aurkezteko epea. Interesatuek honako helbidera bidali beharko dituzte: Ibarraundi jauregia. Intxaurtxueta jauregia, Intxaurtxueta z/g, 20540, Eskoriatza.

Fundazioaren helburuak

Leintz Ibarraundi Fundazioak euskal kulturaren aldaketaren adierazpena, hausnarketa eta azterketa gunea izan gura du, eta, betiere, komunitatearen garapen kulturalean eragina izanda. Ikerketa, saiakuntza eta berrikuntzatik bertakoa pizteko helburua du. Modu berean, ondarea kudeatuko duen kultura eta dibulgazio gune bizia, gaur egungoa, berritzailea eta originala izatea du helburu. Horretarako, Eskoriatzako Udalaz eta herriko hainbat enpresaz gain, Aretxabaletako eta Leintz Gatzagako udalen eta herri horietako enpresa eta erakundeen elkarlana lortzeko ahaleginean dihardu.

2.000 euroko saria

Logotipo proposamenen ebaluaziorako honako berezitasunak hartuko dira kontuan: erabilitako formen itxura berritzailea, Leintz Ibarraundi Fundazioaren helburuen adierazle izatea, logotipoa fundazioaren izenarekin modu egokian integratzea, originaltasuna eta konposizioaren kalitatea eta adierazgarritasuna, hain zuzen ere.

Parte-hartzaile bakoitzak gura dituen proposamen guztiak aurkeztu ahal izango ditu; eta horiek guztiak CD-ROM formatuan eta paperean, bietan, aurkeztu beharko dira.

Identifikazioa errazteko, partre-hartzaileek Leintz Ibarraundi Fundazioaren logotipo lehiaketa idatzita gutun-azalean sartu beharko dute sortutako proposamena.

Epaimahaia Leintz Ibarraundi Fundazioaren gobernu organoak eta zuzendariak osatuko dute. Erabakia hartzeko gehiengo sinplea nahikoa izango da.

Antolatzaileek 2.000 euroko sari bakarra emango dute. Dena dela, epaimahaiaren erabakiz saria esleitu barik gera daitekeela jakinarazi dute.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak