Ibarraundi fundazioa eratzea eta estatutuak onartu dituzte

Maider Arregi 2007ko mai. 18a, 11:24
Atzo arratsaldean, maiatzak 17, egindako osoko bilkuran Ibarraundi fundazioa eratzea eta estatutuak onartzea erabaki zuten. Eskoriatzako eta Leintz ibarreko ondarea kontserbatu, ikertu eta ezagutzera emateko helburua du fundazio irekiak.

Atzo, maiatzak 17, ezohiko osoko bilkura egin zuten udaletxean. Eta atertu beharreko gaietako bat izan zen Ibarraundi fundazioa eratzea eta haren estatutuak sortzea.
Udal gobernua aspalditik dabil fundazio hori eratzeko lanetan, eta dagoeneko Eusko Ikaskuntza eta herriko hainbat enpresa inplikatu dira proiektuan.

Irabazirik gabeko ekimena

Fundazio horrek ez dauka irabazirik lortzeko asmorik, eta haren helburu nagusiak dira Eskoriatzako eta Leintz ibarreko ondarea kontserbatu, ikertu eta ezagutzera ematea. Horrekin batera, fundazioa saiatuko da Eskoriatzaren eta ibarraren garapen iraunkorra bultzatzen.
Fundazioaren egoitza Ibarraundi museoan bertan jarriko dute, eta handik ibar osoan eragingo lukete. Hain zuzen ere, batetik, ibarraren orainaren eta etorkizunaren gaineko eztabaidak bultzatzeko asmoa dute. Horretarako, hainbat ekimen egingo dituzte inguruko udalerrietan; bestetik, ezagutza eta ikerkuntza landuta turismo ekoizpen berriak sortu eta ibarrera jendea erakartzen saiatuko dira; eta azkenik, ibarreko talde desberdinen arteko lotura eta elkarlana indartzeko ahaleginak egingo dituzte.

Patronatua erabakigarria

Fundazioaren erabaki nagusiak patronatuak hartuko ditu. Patronatu hori fundazioan esku hartuko duten erakunde publiko, ekimen pribatu eta bestelako elkarteetako ordezkariek osatuko dute. Gutxienez hiru kide izango dira eta gehienez hamabost lagun.
Dagoeneko ibarreko hainbat erakunde eta enpresa daude inplikatuta fundazioan; eta oraindik Aretxabaletako eta Leintz Gatzagako udalak ere aztertzen dabil-tza noiz eta zelan esku hartu behar duten ekimen berritzaile horretan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak