Hortzmuga eta Kukubiltxo taldeek bisitatuko gaituzte

Antzerkia gustuko duten herritarrek ezin dute hutsik egin, emanaldi bi dituzte-eta egunotan. Hortzmuga taldea (bertan behera gelditu da) bihar arratsaldean izango da, 'Zirku iluna' antzezlanarekin, eta Kukubiltxok 'Morttimer' aurkeztuko du bihar gauean.

Kultura Sailak antolatuta, Hortzmuga taldearen Zirku iluna izeneko antzezlana dago, 19:00etan, Herriko Plazan. Zirkua oinarri duen ikuskizunak gaur egungo gizartea salatu eta emozio eta pasioetan eragin gura du, hausnarketarako bidea zabaldu.

Antzezlana adin guztietarako modukoa da. Zirku zahar bateko azken langileek zirku horren historia kontatuko dute euren esperientzietan oinarrituta. Bidaia sinboliko eta zirraragarria izango da, txotxongiloak, zirkuko akrobaziak eta umorea uztartuz. 

Kukubiltxoren 'Morttimer'

Hori gaurko egunari dagokionez. Bestalde, Aitzorrotz kultura elkarteak irailerako gertatutako egitarauan aldaketak egon dira, eta, Zurrunka taldea izan beharrean, Kukubiltxo antzerki taldea izango da agertokira igoko dena, Morttimer izeneko antzezlanarekin. Bihar, zapatua, izango da hori, 22:30ean, kontzejupean.

Ikuskizun horretan, clown teknikaren bidez, Morttimer izeneko pertsonaia ilun baina dibertigarria urteak hilda daramatzan bere maitalearekin elkartzen saiatuko da, publikoa inplikatuz; baina ez da samurra izango, eman beharreko lehen pausoari beldur dio-eta.
Antzeko egoeran dauden lagunak bilatuko ditu, taldean bidaia hastea errazago gertatuko delakoan, baina alferrik da. Bizitza gordin bihurtuko zaio, maitaleak etenik gabe deitzen dio-eta. Clown-a, musika zuzenean eta akrobaziak dira ikuskizun horren osagarriak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.