Hitzarmena egin dute kirol elkarteak eta Udalak

Eskoriatza Kirol Elkarteak jasotzen dituen dirulaguntzak arautzeko modua da hitzarmena. Intxaurtxuetako lokalaren eta udalaren kirol azpiegituren erabilera ere arautu dituzte.

Eskoriatzako Udalak eta herriko kirol elkarteak hitzarmena sinatu berri dute Eskoriatzako Kirol Elkarteak Udaletik jasotzen dituen dirulaguntzak arautzeko eta bi erakundeen arteko harremanak sendotu eta elkarri informazio gehiago emateko.

Eskoriatzako Kirol Elkartea 1984an eratu zuten eta honako alorrak ditu barnean: saskibaloia, futbol aretoa, mendia, pilota eta txirrindularitza. 1986tik EAEko elkarteen barruan eratuta dago. Kirol elkarteren helburua da herrian kirola bultzatzea. Hala, batez ere, gazteekin lan egiten dute kirola egiten ohitu eta nagusiagotan ere praktikatzen jarrai dezaten.
Udaleko Kirol batzordeak uste du urte guzti hauetan elkarte horrek egindako lana goraipatzekoa dela, eta merezi duela bi erakundeen arteko harremanak formalizatzea eta arautzea. Horretarako egin berri dute hitzarmena.

Urtero dirulaguntzak
Udalak erabaki du 2008rako 15.500 euro ematea. Horrez gain, kirol elkarteak aukera izango du bestelako jarduerak, ezohikoak direnak, antolatzeko dituztenean Udalari bestelako dirulaguntzak eskatzeko. Dirulaguntza horiek bi zatitan ordainduko dira: %60 hitzarmena sinatu eta hurrengo hilabetean; eta gainontzekoa denboraldia bukatu eta kirol elkarteak gastuei dagokien dokumentazioa aurkeztu ostean.

Bestalde, Udalak kirol elkarteari Intxaurtxueta 9 behean dagoen lokala uzten dio trukean ezer eskatu barik. 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera kirol elkarteak lau urtetan erabili ahal izango du lokala. Gainera, lokalaren gastu orokorrak Udalaren esku geldituko dira.

Euskararen aldeko jarrera
Modu berean, kirol elkarteak Udalak dauzkan kirol azpiegiturak erabili ahal izango ditu, baldin eta erabileraren gaineko egutegi bat zehazten badute.

Gaiez aldatuta, Udalak kirol elkarteari eskatu dio euskararen aldeko jarrera indartzeko. Hala, argitaratuko dituzten agiri guztietan euskarak presentzia nabarmena izango du; eta kirol jardueretan euskara erabiltzen ahaleginduko dira.

Aipatutako konpromiso guztiak berrituz joango dira, baita hitzartutako dirulaguntzak ere. Bitartean, adostutako guztia gainbegiratzeko ardura kirol elkarteko presidente Manolo Muñozek eta Udaleko Kirol batzordeko Ander Agirianok izango dute. Harremanak sendotzeagatik pozik daude bi erakundeetan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.