Hirugarren laurdenean galdu zuten eskoriatzarrek lehia, Erroibideren aurka

Mirian Biteri 2009ko mai. 3a, 20:02
Egubakoitz goizean aurkari gogorra izan zuten aurrean eskoriatzarrek eta saiatu baziren ere, ez zuten lortu markagailuari buelta ematea eta Erroibide Irun taldeko neskei irabaztea. Aurkarien joko onak eta sartutako bost hirukoek min handia egin zieten etxekoei eta ondorioz, Fernando Rasoren neskek 38-48 galdu zuten norgehiagoka.

Lehenengo minutuan markagailuan berdinduta egon baziren ere, laster aurre hartu zioten Irungoek. Etxekoek ez zuten erasoan asmatu eta partiduko lehen laurdena 4-12 amaitu zuten.

Bigarrenean, baina, egoerari buelta ematea eta aldea nabarmen murriztea lortu zuten, eskoriatzarren aldeko 5-0 partzialari esker. Markagailua oso estututa heldu zen atsedenera: 18-21.

Hamahiru puntuko aldea

Gogotsu atera ziren ondoren etxekoak. Hiruko batekin eman zioten hasiera hirugarren laurdenari eta modu horretan, partidua berdindu zuten. Hortik aurrera, baina, ez zuten ezer egiterik izan. Erasoan kale egin zuten berriro eta erreboteak aprobetxatuz, hamahiru puntuko aldearekin bukatu zen esandako zatia: 28-41. Egoera kontrakoa izanda ere, kiroldegian bildutakoen eskoriatzarren txalo zaparrada jaso zuten orduan etxeko jokalariek.

Laugarren laurdenean alde hori mantentzea lortu zuten aurkariek eta Intxaurtxuetan jokatutako norgehiagoka 38-48 bukatu zen.

Partiduaren ostean, Fernando Raso entrenatzaileak aurkarien kalitatea azpimarratu zuen: "Kategoriako talde gogorrena zela bagenekien eta saiatu bagara ere, ezin izan dugu ezer egin. Ez dugu asmatu erasoan,boladaka jokatu dugu eta horrela ezin dugu irabazi ". Onartu zuen esandako partidua irabaztea oso garrantzitsua zela eurendako, Final Fourrean berriro Erroibide Irungo taldearen kontra ez lehiatzea ahalbideratuko zuelako.

Sailkapenean laugarren postuan daude eta hortaz, zapatuan jokatuko den Final Fourreko lehen partiduan Irungoak aurrean izango dituztela berriro gogorarazi zuen Rasok: "Estrategia guztiz aldatu behar dugu. Oso zaila izango da, teknikoki gu baino askoz hobeagoak direlako. Eskarmentu handia duten jokalariak dira. Baina, saiatuko gara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak