Hiru hilabeterako bonoak eskainiko dituzte kiroldegian

Mirari Altube Arrese 2010eko urtarrilaren 14a

Urte berriarekin batera kiroldegiko tarifa berriak daude indarrean. Aurten, baina, ez dute aldaketarik igarriko erabiltzaileek. Hiru aldaketa aipagarri bakarrik egin dituzte tarifetan eta hirurak kiroldegiko zerbitzua hobetze aldera.

Orain arte urte guztirako eta urte erdirako abonuak zeuden aukeran, baina hemendik aurrera hiru hilabeterakoak ere eskainiko dituzte. Familia abonuaren kasuan 33,35 euro izango da eta banakako abonuaren kasuan 28,45 euro. Bestetik, Eskoriatzan erroldatutako familia ugariei udal kiroldegiko abonuan egiten dieten hobari bera aplikatuko diete txartel bateratuan ere.


Gainera, kantxa kirol jardueretarako ez den beste ekintza batzuetarako errentan hartzeko prezioak finkatu dituzte: egun erdia, 750 euro eta egun osoa, 1500 euro. Kultura, hezkuntza edo antzeko ekintzetarako erabiltzen bada ez diote kobratuko tasarik –dagokion batzordeak hala erabakiz gero–.

Gainerako tarifek ez dute aldaketarik izan. Hala, familia abonua, 128,90 euro izango da; banakako abonua, 94,30 euro –18 urtetik gorakoak–; eta txartel bateratu familiarra 194 euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak