Hirigintzak eta Ogasunak aztertuko dituzte kontratazioak

Iker Barandiaran 2007ko abe. 10a, 11:10
Osoko bilkuran aditzera emandako ustezko irregulartasunak aztertuko dituzte Hirigintza eta Ogasun batzordeetan.

Astelehenean, abenduaren 3an, batzartu zen Udaleko Hirigintza batzordea azaroko osoko bilkuran jakitera eman zuten ustezko kontratazioen irregulartasunen gaia aztertzeko.

Gaur egungo Hirigintza batzordeko kideez gain, aurreko legealdiko Hirigintza zinegotzi Josu Ezkurdia eta Frixi eraikuntza enpresako arduradunak ere batzarrean izan ziren. Aurreko legealdiko alkate Juan Carlos Bengoak ezin izan zuen batzarrera joan, eta kontratazioen gaineko azalpena idatziz bidali zuen.
Udalaren susmoa da aurreko legealdian San Juan kaleko lanak egiteko kontratazio batzuetan irregulartasunak izan zirela. Hain zuzen ere, azpimarratu zuten kontratazio horiek ez zutela diru partidarik izan, eta ez zirela batzordeetan onartu. Are gehiago, azaldu zuten sei faktura horietako bakoitza oso gutxigatik ez dela heltzen 30.000 eurora. Eta horri gaineratu zioten 30.000 euroko kontratazioa egitekotan derrigorrezkoa dela lehiaketa publikoa egitea.

Prozedura desegokia
Abenduaren 3ko batzarrean Ezkurdiaren eta Frixi enpresako ordezkarien iritziak jaso zituzten. Horrez gain, Bengoak bidalitako idatzia alderdi guztietako ordezkarien artean banatu egin zuten.
Bengoak eta Ezkurdiak onartu egin zuten prozedura ez zutela ondo egin, baina hori egitearen arrazoia izan zela lanak azkar egiteko premia zegoela.

Frixi enpresako ordezkariek, berriz, bat egin zuten aurreko legealdiko Hirigintzako ordezkariek emandako azalpenekin, eta egindako lana oraindik ez dutela kobratu azpimarratu zuten.

Ogasunaren eta Hirigintzaren esku
Pedro Lasagabaster alkatearen ustetan gaia oso larria da, eta horregatik komeni da tentuz eta  ondo aztertzea. Horretarako, bi batzar deitu dituzte datorren asterako: batetik, astelehenean, Hirigintza batzordea berriro elkartuko da; eta bestetik, eguenean, hilaren 13an, Ogasun batzordea batuko da.

Ogasun batzordearen asmoa da arretaz aztertzea kontratazio horiei dagozkien zein lan egin diren eta zein lan ez. Horrekin batera, egindako ordainketak ere gainbegiratuko dituzte. Udaleko alderdi politikoek oraindik ez dute gaiaren gaineko balorazio zehatzik egin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak