Hilaren 31n onartuko dituzte Udaleko ordenantza fiskalak

Iker Barandiaran 2007ko urr. 22a, 11:36
Joan den eguenean Udaleko Ogasun azpibatzordeak batzarra egin zuen ordenantza fiskalak erabakitzeko. Hilaren 31n osoko bilkuran onartuko dituzte. Ordenantza fiskalen barruan daude zergak (trukean zerbitzu zuzenik jaso barik ordaindu beharrekoak); tasak (zerbitzu zuzen baten truke direnak); eta udal zerbitzuen prezioak.

EAE-ANVk aldaketa nabarmenak egin gura dizkie Eskoriatzako ordenantza fiskalei. Pedro Lasagabaster alkatearen esanetan, helburua da "gutxien duen gehiengoari erraztasunak eman, eta gehien duen gutxiengoari gehiago ordainarazi".

Ondasun higiezinak

EAEren asmoa da ondasun higiezinen gaineko zerga jasotzeko familiaren unitate kopurua eta baita soldatak ere, biak, kontuan hartzea. Gainontzeko alderdiek, berriz, familia osatzen duten lagun kopuruari erreparatu diote batez ere.

Bestalde, energia berriztagarriak instalatzen dituenari zergetako kopuru bat kendu egingo diote. Horren barruan, EAEk geotermikoak, eolikoak eta orohar etxebizitza bioklimatikoaren ereduaren alde egiten duten sistemak sartu ditu.

Potentzia handiko autoak

Ibilgailuei dagokienez, EAEk zerga handiagoa ezarri gura die potentzia handiena dutenei. Horrez gain, 120 gramo CO2 kilometroko baino gutxiago isurtzen dutenei bonifikazioa egin gura die. Gainontzeko alderdiek KPIren pareko igoera ezartzearen aldekoak dira.

Espekulazioaren gainean

Lasagabasterrek gidatzen duen taldearen beste asmo bat da hiri izaera duten lurren balio igoeraren gaineko zerga ezartzea: hain zuzen ere, lursail bat erosi eta urte gutxira berriro kalifikatzen bada, saltzerakoan tasa handiagoa kargatzea.

Gehiegizko kontsumoa zigortu

Alderdi guztiek bat egiten dute uraren gehiegizko kontsumoa kontrolatzeko asmoarekin, baina bide desberdinak dituzte horretarako: EAEk hiru hilabeteko 20 metro kubikotan jarri du tasa txikiena ordainduko duen gehienezko kopurua. EAk eta EBk gurago dute azterketa sakona egitea; eta EAJren ustetan, hobe da erabilitakoa ordaintzea.    

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak