Hilaren 20an hasiko dira berriro munduko dantzen ikastaroak

Iker Barandiaran 2007ko urriaren 15a

Hurrengo zapatuan, hilaren 20an, munduko dantzen saioen eskolak hasiko dituzte berriz Eskoriatzan, udako denboraldiak iraun duen bitartean ikastaroak geldirik izan dituzte-eta.

Munduko dantzen ikastaroa pilotalekuko ginmasia gelan egingo dute, hilean behin. Hileko hirugarren zapatuan egingo dute, arratsaldez, 17:30etik 20:00etara bitartean, hain zuzen ere.

Amuskak antolatuta

Eskoletan esku hartzeko, bost euro ordaindu beharko dira saio bakoitzeko, eta saio bakoitzean bertan. Hori da jarri duten baldintza bakarra; ez dago besterik. Edozeini zabalik dago ekimena, eta antolatzaileek azpimarratu dute ez dagoela dantzan jakin beharrik eta interesatuak edozein momentutan sar daitezkeela taldean.

Aretxabaletar eta gatzagarrei

Are gehiago, Amuska emakumeen elkarteko kideen esanetan, "irakatsiko dituztenak dantza oso errazak izango dira, eta dantza bakoitza berria izango da guztiendako. Hortaz, zerotik hasiko gara guztiok. Ez arduratu horregatik, helburua da guztiok zapatu arratsaldeak ahalik eta ondoen pasatzea eta dantzan apur bat gehiago ikastea".

Eskoriatzako Amuska emakumeen elkartea da jarduera horren antolatzailea; eta, oraingo ikasturtean, Aretxabaleta eta Leintz Gatzagara ere zabaldu gura dute deialdia, taldea handitu dadin. Hala, herri horietako emakumezko eta gizonezkoei ere gonbitea egin diete taldera batu daitezen. Hain zuzen ere, Amuskakoek esan digute "zenbat eta talde handiagoa, orduan eta dibertigarriagoa" izango dela.

Iazko esperientzia, positiboa

Iaz hasi ziren Eskoriatzan eta Elgetan dantza horiek irakasten, eta bi herrietan oso gustura gelditu ziren esperientziarekin. Hala, Eskoriatzan, errepikatzea erabaki dute.

Ikastaro horien irakaslea Patxi Montero arrasatearra da. Aspaldi honetan, oso sartuta dabil munduko dantzen alorrean, eta gustura dabil dantzari lanetan.

Ikastaroan esku hartu gura dutenek Elbiri deitu beharko diote: 943 71 46 52.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak