Hezkuntzaren aldeko mundu-kanpainaren aldeko ekitaldiak egubakoitzean

Jon Berezibar 2009ko api. 22a, 19:39
Hezkuntzaren aldeko mundu-kanpainaren aldeko ekitaldiak egingo dira barikuan Eskoriatzan.Herriko ikasleek munduko alfabetatze egoera azalduko dute eta saio didaktikoak egongo dira besteak beste. Goizeko 10:30etan hasiko dira ekintzak eguerdira bitartean Fernando Eskoriatza plazan.

Egitaraua

10:30 - 10:40 Ongietorria eta Hezkuntzaren Aldeko Mundu-kanpainako aurkezpena .

10:40 - 10:50 Ikaslegoaren irakurketa, munduan den alfabetatze egoera azalduz.

10:50 - 11:10 O+Hatzen kontzertuaren zati didaktikoa, alfabetatzearen beharra azpimarratzen delarik.

11:10 - 11:20 Ikaslegoaren irakurketa, pertsona gazte eta helduen alfabetatzeak garapenean dituen ondorioak adieraziz.

11:20 - 11:40 O+Hatz kontzertuaren bigarren zatia.

11:40 - 11:50 Kanpainaren manifestuaren irakurketa (SAME), eta Hezkuntza Zinegotziari liburua ematea.

11:50 - 12:00 Hezkuntza Zinegotziaren hitzak, Udaletxearen konpromisoa adieraziz hezkuntzan eta lankidetzan.

12:00 Agurra (Txatxilipurdi).

Hezkuntzaren aldeko Mundu-Kanpainari buruzko informazioa

HMK (Hezkuntzaren aldeko Mundu-Kanpaina) 1999an jaio zen, gobernuei eta nazioarteko komunitateari beren politikak alda ditzaten eskatu, eta pertsona guztientzako hezkuntza-eskubidea lortzeko. 1990ean Guztiontzako Hezkuntzari buruzko mundu-konferentzia izan zen Jomtien-en (Tailandia), eta Guztiontzako Hezkuntzari buruzko Mundu-deklarazioa egin zen. Deklarazio horren bidez, ikasteko oinarrizko beharrak betetzea lortu nahi da. Handik hamar urtera, 2000. urtean, oinarrizko helburu batzuk onartu zituen nazioarteko komunitateak Dakarren (Senegal) egindako bileran, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean jasotako hezkuntzarako eskubidea bete zedin bermatzeko: Lehen haurtzaroko hezkuntza integrala hedatzea eta hobetzea, batez ere, neska-mutil ahulenei eta kaltetuenei. 2015erako haur guztiek, eta, batez ere, egoera zailetan bizi diren eta gutxiengo etnikoetakoak diren neska guztiek kalitateko doako eta nahitaezko lehen mailako hezkuntza izan dezaten eta amaitu dezaten zaintzea. Gazte eta heldu guztien ikasketa-premiei erantzungo zaiela zaintzea, ikasketa egokietarako eta bizitza aktiborako prestakuntza-programetarako berdintasunezko sarbidea eskainita. 2015erako alfabetatutakoen kopurua %50 gehitzea. 2005erako lehen eta bigarren mailako irakaskuntzan generoen arteko desberdintasunak ezabatzea, eta 2015erako genero-berdintasunera iristea hezkuntzan. Hezkuntzako alderdi kualitatibo guztiak hobetzea.

HAMA Hezkuntzaren Aldeko Munduko ekintza-Astea

Horren bidez, Hezkuntzaren aldeko Munduko Kanpainak, urtero, pertsona guztientzako oinarrizko, doako eta kalitatezko hezkuntza lortzearekin zerikusia duen gai zehatz bat lantzea proposatzen du. Horretarako material didaktikoak egiten dira haur, lehen eta bigarren hezkuntzarako. Material didaktiko horiek hautatutako gaien inguruan gehiago ikasteko eta sakontzeko balioko diote talde interesdun bakoitzari. Hausnartzera, mobilizatzera eta presio politikoa egitera animatzea da asmoa. Apirileko azkeneko astean, urtero-urtero, mobilizazio-ekintzak egiten dira; horien bidez CMEko kideek arduradun politikoei, hezkuntza komunitateko kideei, komunikabideei eta gizarteari adierazi nahi die pertsona guztientzat oinarrizko, doako eta kalitatezko hezkuntza-eskubidea egia eta eraginkor bihurtzeko beharra dagoela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak