Herritarrek atera dituzten argazkiak erakutsiko ditu Udalak

Leire Kortabarria 2010eko ekainaren 11

Eskoriatzako txoko ederrenetarikoak ezagutzeko modua badute herritarrek eta kanpokoek, Txikirri-txikirri eta Zazpi Elizateetako Martxa delako ibilaldietan joanda. Baina, horietan parte hartu barik ere, badago leku horien edertasunaz gozatzeko aukera, Udalak bere webgunean zabaldu berri duen tarte baten bidez.

Eskoriatzako bazterrak erakusteko asmoz zabaldu du, eta dei egin die argazki-erreportajeak eginda dituzten herritarrei Udalari horien berri emateko eta webgune horretan argitaratzeko. Horretarako, kultura@eskoriatza.net helbidera mezua edo argazkiak eurak bidal ditzakete.

Hala ere, dagoeneko badago zer ikusia web orri horretan. Juan Luis Zubizarreta eskoriatzarrak egindako hiru erreportaje dotore daude: aurtengo Zazpi Elizateen Martxako, eta iazko Txikirri-txikirri ibilaldiko erreportaje bana, eta baita iaz Zubizarretak bere lagunartearekin egindako ibilaldi bateko erreportaje bat ere. Ikus daitezke www.eskoriatza.net/albisteak/eskoriatzako-bazterrak Interneteko helbidean.

 

Emaitzarekin oso pozik

Udaleko Kultura arduradunek eta Juan Luis Zubizarretak martxan jarritako egitasmoa da. Zubizarretaren bi zaletasun handienetarikoak dira mendia eta argazkilaritza, eta asko ibiltzen da mendiaren gaineko webgune baten; lau urte darama horretan. Han argitaratzen ditu argazkiok: "Jendeak ikusten ditu, eta komentario asko jasotzen ditut", esaten digu Zubizarretak.

Bere bi zaletasun handienetarikoak mendia eta argazkilaritza direnez, ibilaldi askotan joaten da, eta beti kamera eramaten du aldean: "Batez ere, Eskoriatzako eta inguruko martxak egiten ditut: Zazpi Elizateetakoa, hildako mendizaleen omenezko Txikirri-txikirri martxa… Kamera aldean eramatea nekeza egiten zait batzuetan, baina emaitzarekin oso pozik geratzen naiz, eta gainera, jendeak gero ikusi egiten ditu argazki horiek".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak