Herriko fusilatuen alde egingo du udalbatzak

Iker Barandiaran 2008ko azaroaren 27a

Debagoieneko Fusilatuen Senitarteko eta Lagunen Elkarteak egindako eskaera izan zen. Elkarte horrek uste du justizia egin beharra dagoela eta erakundeei laguntza eskatzen diete desagertutako eta fusilatutakoen alde egiteko.

Elkarte horretako Juan Ramon Garaik azaldu zuen 1936an zazpi eskoriatzar desagertu zirela, guztiak zibilak; eta haien gaineko salaketa egiteko Udalaren babesa eta laguntza ekonomikoa behar dutela.
Martutenetik askatu ostean, desagertu zirenak honako hauek dira: Emeteria Aranburuzabala Beitia, Apolinar Uribe Urteaga, Tomas Zubizarreta, Francisco Viteri, Teodoro Errazti Izurrategi eta Jorge Iturricastillo Aranzabal. Gainera, horiez gain, Luziano Arkauz Iturbe Eskoriatzan bertan desagertu zen.

 

Herriko zazpi seme-alaba

Gerran desagertutako zazpi zibil horien gaineko salaketak eta epaiketak egin ahal izateko, elkarteak gura du horien senideak aurkitu eta notarioen aurrean salaketa egin. Garaik azaldu zuen notarioen aurrean deklaratzeko pertsonako 200 euro behar direla.

Udalbatzak erabaki zuen elkartearen mozioa babestea, PSE-EEko taldeko ordezkaria mozioko puntu batzuetan abstenitu zen arren. Eta, are gehiago, onartu zuten 2009ko udal aurrekontuetan partida bat zabaltzea, elkarteari helburu horretarako diruz laguntzeko. Dena dela, alkateak azpimarratu zuen udalaren egoera ekonomikoa ez dela ona, eta partida horretarako kopuruak zehazten joango direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak