Azken asteotan Eskoriatza albiste da 100 urtetik gorako hainbat herritarrek urtebetetzeak ospatu dituztelako. Joan den astean Mesedeetako Amaren egoitzan bizi den Sabina Artazak 101 urte bete zituen. Aste honetan, martitzenean, berriz, Rosalia Blancok 100 urte bete ditu; eta azaroan Bolibar auzoan bizi den Andres Osinagak 102 urte egin ditu. Horiek behintzat ezagutu ditugunak, baina baliteke besterik ere egotea. Ez da marka txarra Eskoriatza moduko herri batendako.
Helduen Heziketa Iraunkorreko arduradunek azaldu digute egunero fin-fin joaten dela eskolara, ez da inoiz gaixorik jartzen-eta. Are gehiago, Blancori ilusio handia egiten dio eskolara joatea: "Ederto pasatzen dut bertan, eta irakasleak asko maite ditut, oso jatorrak dira guztiak". Bere izen eta abizenak idazten jakiteaz oso harro dago, eta margotzen eta irakurtzen ibiltzen da.
Lan asko egindakoa
Rosalia Blancok kontatu digu 1908. urtean jaio zela Cordobako Villanueva del Duque herrian. Bederatzi anai-arreba ziren: bost emakume eta lau mutil. Eta, Rosalia bitarteakoa da, ez nagusiena ezta gazteena ere.
Rosaliak ondo gogoratzen du 7 urterekin lanean hasi behar izan zuela, eta 12 urte zituenean ama hil zitzaiola. "Lan handia egin behar izan genuen. Zuk, badakizu zer den segan egitea? Ba hori egin dut nik gaztaroan, lehertu arte. Horrez gain, hainbat etxetan zerbitzatzen ere ibili nintzen. Egia esanda, lan eta lan egin dut".
Seme eta alaba bana ditu, eta erretiratu zirenean Manuel Mato senarra zena eta biak Eskoriatzara etorri ziren bizitzera, familikoengana. Gerora, Rosalia alargun gelditu zen.
Eskoriatzara etorri zenean San Juan kalean bizitzen izan zen. Gerora, Dorletan ere izan zuen bizilekua, eta azken urteotan Intxaurtxuetan bizi da; eskolatik gertu, hain justu.
Omenaldiz betetako astea
Martitzen goizean, bere urtebetetze egunean, Udaleko ordezkariek bisita egin zioten etxera. Horrez gain, arratsaldean omenaldia eta merienda antolatu zuten erretiratuen elkartekoek. Gustura egon zen lagun artean. Ospakizunak bukatzeko, eguaztenean Helduen Heziketa Iraunkorreko arduradunek beste omenaldi bat egin zioten Debagoieneko (eta seguruenik Euskal Herriko) ikasle nagusiena den Rosaliori.
Asko jan eta kalera egunero
Gu erretiratuen elkarteko omenaldian izan ginen eta galdetu genion ea zein den hainbeste urte betetzeko sekretua. Rosaliak erantzun zigun berak asko jaten duela eta egunero-egunero kalera paseatzera irteten dela; beste gauza berezirik ez duela egiten. Hori bai, urte askoan kakorratza egiten ibilia izan da, orain dela gutxi arte. Horren aurrean azaldu digu haririk ez daukala; bestela egiten jarraituko lukeela".
Erretiratuen elkarteko lagun batzuek kontatu ziguten goizetan Intxaurtxueta inguruan paseatzen duela; eta arratsaldetan eskolara joateaz gain, kafea hartzera joaten dela. Batzuetan lagunekin eta beste batzuetan bakarrik. Hala, herri guztiak ezagutzen du ehun urte bizkarrean daramatzan emakume txiki umoretsua. Baina, apurtxo bat gortzen dabilen arren, ez dauka inongo minik eta osasun oso ona dauka.