Eskoriatzan, bi talde sortu dira, bat hasiberriendako eta bestea hobetu gura dutenendako. Hasiberriendako ikastaroa 50 ordukoa da, Aste Santura arte, eta astean hiru ordu egingo dituzte, ipuinak, abestiak eta antzekoak ikasten. Horretarako, batik bat, umeek eurek eskolan erabiltzen duten materiala erabiliko dute, eurendako egokituta.
Beste taldea, sakondu gura dutenena, Gabonak arte batuko da, eta, denetara, 20 ordu emango dituzte bakarrik, guraso horiek premia txikiagoa dutelako. Euskaraz egiterakoan ohiko akatsak zuzentzen, ahozko jarduna hobetzen eta eskolako hiztegia ikasiko dituzte, besteak beste. Aretxabaletan osatu den taldea ere maila horretakoa da. Euskaltegiko materiala erabiliko dute, euren mailara egokituta, betiere.
Aurten, 27 aita-ama
Iaz, 19 guraso ibili ziren eskola horietan; aurten, hirugarren urtez antolatu dute, hain zuzen, guraso askok jarraitzea eskatu zutelako.
Aurten, denetara, 27 aita-amak eman dute izena; horietatik zortzi sakontze mailako taldean daude, Eskoriatzan; zazpi, hasiera mailakoan, Eskoriatzan; eta hamabi, berriz, Aretxabaletako taldean, hasiberrien mailakoa hori ere. Gehienak 30-35 urte bitartekoak dira, eta Lehen Hezkuntzako umeen aita-amak. Izenematea Eskoriatzako eta Aretxabaletako ikastetxeen bitartez egin dute.