25 tona hondakin atera dituzte Aranburuzabalatik

Larraitz Zeberio Lekuona 2010eko otsailaren 3a

Atzo Udalak bilera egin zuen kaltetuekin. Ezingo dira gutxienez beste astebetean euren etxeetara bueltatu.

Aranburuzabala kalean lanean aurkitu ditugu gaur. Ferrovialeko eta Ferreirako langileak dira. Hondakinak kentzen ari dira; lurra, lokatza eta zuhaitz zatiak neurri handi batean. Lan horien nondik norakoak bertatik bertara jarraitzen bertan aurkitu dugu Pedro Lasagabaster alkatea. Gaur goizen 25 tona hondakin inguru atera dituztela jakin dugu. Kontuz egin beharreko lanak izango dira. Kalte gehien jasan dituen guneraino iritsi ahal izateko beso luzea duen hondeamakina berezia erabili beharko dute.

Etxebizitzak itxita

Kaltetuak bien bitartean hoteletan edo senideen etxeetan jarraitzen dute. Udalak bilera batetara deitu zituen atzo eta bertan jakin zuten etxetik kanpo jarraitu beharko dutela gutxienez beste astebetean. Aurreikuspena da astelehenean hondakinak kentzeko lanekin amaitzea. Hortik aurrera etxe barruko lanekin hasi beharko dute. Kalteak handiagoak diren beheko solairuko bizilagunek epe luzeagoan egon beharko dute euren etxetatik kanpo, eta horiendako Udala 4 etxebizitza prestatzen ari da, 3 bere jabetzakoak eta beste bat Eusko Jaurlaritzarena. Barikuan famili horiek hartzeko gertu egotea espero dute Udalak.

Gastuekin Udalak

Premia larriko egoera izanik, momentuz, Udala ari da gastu horiek guztiak bere gain hartzen, Udalaren asegurua hain zuzen ere. Argi dago horma trinkotuta uzteko lanak egin beharko direla Aranburuzabalan. Proiektu tekniko bat eskatuko du Udalak, hilabete barru inguru gertu egongo dena. Orduan jakingo da zehatz egin beharreko lanak zeintzuk diren, zein iraupen eta aurrekontu izango dituzten, eta hartu beharreko segurtasun neurriak zeintzuk diren. Zentzu horretan Udalak gezurtatu egin du gaur hedabide batzuk zabaldu duten informazioa, mendiari zementua injektatuko diotela, alegia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak