Mendigoia hotelean eta Azkoagan pasa behar izan dute gaua Aranburuzabalako 4 ataritako 15 bizilagunek. Gainerakoak (24 dira guztira) senide edo lagunen etxeetara joan dira, gaur arte, behintzat. "Ezin dugu esan noiz arte egon beharko duten etxetik kanpo. Jaurlaritzako eta Diputazioko teknikari gehiago etorriko dira, eta denon artean planifikatu beharko dugu guztia", adierazi du Pedro Lasagabaster Eskoriatzako alkateak.
Arrazoiak eta kexuak
Lurjausiaren arrazoiei dagokienez, berriz, uste dute arrazoiak direla azken orduotako euri-jasak, eta lehenago beste lurjausi bat ere gertatu izana.
Azken horren harira, bizilagunetako batzuek salatu dute lehenago kexuak aurkeztuta dituztela malda horren egoerarengatik. Lasagabaster alkateak onartu egin du hori: "Kexuak aspaldikoak dira, eta egia da orain arte ez dugula gauza handiegirik egin, guk ere ez, jakina. Parte asko dago hor inplikatuta. Hau pasatu eta gero, samurragoa izango da irtenbidea topatzea".
Eta hain zuzen ere, lan horretan pasatuko dituzte datozen egunak, duda barik.
Eskoriatzako Udalaren jakinarazpenak
Eskoriatzako Udalak jakinarazi du gaurtik aurera Udaleko Gizarte Zerbitzuak gertu egongo direla "kaltetutako bizilagunen beharrei erantzuteko", honako telefonoan: 943 71 31 36.
Horrez gainera, Gipuzkoako Diputazioaren Gizarte Larrialdien zerbitzua ere eskoriatzarren eskura dago: 943 22 44 11 (24 orduan).
Bestalde, Eskoriatzako alkateak eskerrak eman gura dizkie atzo goizean Eskoriatzan jardun duten langile guztiei: "Ertzaintza, Diputazioko langileak, babes zibilekoak, larrialdi zerbitzuetakoak… Oso ondo portatu dira, eta eurei esker, gauzak agudo bideratu ditugu, bizilagunei lo egiteko lekua aurkitu eta halakoak".