Gaur hasi eta barikura bitartean Kultura Astea egingo dute Luis Ezeiza ikastetxean

Luis Ezeiza ikastetxean Kultura Astea ospatuko dute gaurtik barikura bitartean. Egitarau zabala prestatu dute horretarako. Modu batean edo bestean, Kultura Aste horretan herri eskolako ikasle guztiek parte hartuko dutela jakinarazi digu hango irakasle Asier Kortabarriak.

Ekitaldiak gaur bertan hasiko dira. Lehen Hezkuntzako 3, 4. eta 5. mailako ikasleak Arantzazura joango dira, Baketikek antolatutako antzerki foroan parte hartzeko. Egun osoa pasako dute Arantzazun. Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailakoek, berriz, ordubeteko birziklatze tailerrak izango dituzte arratsaldean, 14:15etik 15:15era bitartean.
Biharko, martitzena, ekitaldi ugari daude aurreikusita. Kutxa Sozialak antolatuta, tailerrak edukiko dituzte Lehen Hezkuntzakoek.

Elikadurarekin lotutako gaiez jardungo dute. Elikadura osasungarria, Ezberdin bizi eta Anorexia eta bulimia izeneko tailerrak izango dituzte goizez zein arratsaldez.

Gurasoendako tailerrak

Lehen Hezkuntzako 5. mailakoen gurasoek ere elikadura tailerretan parte hartzeko aukera izango dute, 14:15ean. Bitartean, 3. eta 4. mailako ikasleek birziklatzen ikasiko dute, eta 1. eta 2. mailakoek Ray Bueno ipuin kontaketa izango dute.

Eguna amaitu aurretik, 18:00etan, janari osasungarrien gaineko tailerra izango dute Lehen Hezkuntzako 1. eta 2.
mailako eta Haur Hezkuntzako gurasoek.

Eguaztenean, berriz, zaborra lantzen ikasiko dute ikastetxeko ikasle nagusienek. Goiz partean egingo dute hori. Arratsaldean, piano jolea entzun ahal izango dute Lehen Hezkuntzakoek. Bi eta bost urte bitarteko haurrak Ixabel Millet ipuin kontalariarekin izango dira. Marizikin eta Martin Txiki ipuina kontatuko die. Azkenik, 18:00etan, Virginia Imazek gurasoei zuzendutako hitzaldia eskainiko du, heziketaren gainekoa.

Liburutegiko eguna

Eguenean, liburutegiko eguna egingo dute Luis Ezeiza ikastetxean. Goizean zehar, ipuin kontaketak izango dira eta eguerdian, ipuin zozketa egingo da. Arratsaldean, hizkuntz jokoekin jolastuko dute Lehen Hezkuntzako ikasleek. Haur Hezkuntzakoek, berriz, eskulan tailerretan jardungo dute, 14:30etik 16:30era. Barikuan emango diote amaiera aurtengo Kultura Asteari. Marzel magoa hara joango da, Gu ere artistak magia ikuskizuna eskaintzera, 14:30etik 16:00ak.

Astelehenean Arantzazura egingo duten irteera izan ezik, gainontzeko ekimen guztiak ikastetxean egingo direla azaldu du Kortabarriak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.