Guztira, Udalak hiru eskakizun egin ditu. Itxieraz gain, orain hasi eta zentrala behin betiko itxi eta eraitsi arte, prozesu horren informazio puntuala eta garbia eman dezala ere exijitu dio: "Horrela, gardentasun irizpideei eta hiritarrek beraien ongizateari zuzenean eragiten dion gaiari buruzko informazio objektiboa, inpartziala eta independentea duten eskubideari erantzungo die".
Garoñako langileak
Eskoriatzako Udala, gainera, zentral nuklearreko langileetaz arduratuta agertu da. Hortaz, Garoñak zuzenean edo zeharka dituen mila langile ingururi beraien bizilekutik ahalik eta gertuen lana aurkitzeko eskaera egin dio Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuari, horretarako lan politika alternatiboak eta eraginkorrak erabiliz.
Eskoriatzatik 60 kilometrora
Mozioak aipatzen du Santa Maria de Garoña "mila pitzadurako zentrala" bezala ere ezaguna dela, hasieratik arazo tekniko asko izan dituelako. Horren harira, gogorarazi du, Eskoriatzatik 60 kilometro eskasera dagoen zentral hori lehen belaunaldikoen artean zabalik geratzen den bakarra eta Espainiako Estatuan zentral nuklear zaharrena dela. Hortaz, osasunarendako eta ingurumenarendako "mehatxu zuzena" dela gaineratzen du, gutxineko segurtasun maila ez duelako bermatzen.